Argiteria berriak kontsumoa eta kutsadura murriztuko ditu
Herriguneko argiteria publikoa berritzen ari da Ordiziako Udala. LED motako argiak erabilita, kaleen argiztapena hobetu eta energia kontsumoa murriztu nahi dute.
Ordiziako Udalak herriko argiteria sistema aldatzeko lanak hasi ditu. Ia herrigune guztiko argi puntuak aldatu dituzte; guztira 306 puntu. Malkaskon, Joseba Rezola kalean, Gudarien etorbidean, Eskarabillan eta Plaza Nagusian aldatu dituzte, besteak beste. LED sistema erabiltzen dute, beraz orain artekoek baino kontsumo baxuagoa dute. Argi zuria egiten dute, horia beharrean, eta horrek argitasun gehiago ematen du. Era berean, argiak sor dezakeen kutsadura gutxitzen du. Lanaren esleipena 142.262,12 eurokoa da. Aizkorpe enpresa arduratu da aldaketaz.
Udalaren helburua da «herriko argiteriak ondo funtzionatzeaz gain, ahalik eta kontsumo ekonomiko gutxien izatea», eta berrikuntza horrekin «horixe lortuko da». Urteko kontsumoa, «26.196 euroan murriztea» aurrikusten dute. Maitane Alvarez alkateordeak horren «garrantzia» nabarmendu du: «Aldaketa txikiak badira ere, alde handia suposatzen dute». LED teknologiari esker «energia kontsumoan aurreztuko dugu eta argiak eragiten duen ingurumen kutsadura gutxituko da».