Elurra kaleraino iritsi zen
2005eko urtarrilaren 25ean elurra hasi zuen eta lau egunez bota zuen mara-mara. Egunerokotasunean arazoak eragin zituen. Sagardoa garaiz ondu eta txotx denboraldia hasi zen
Zaharrenek diote Goierrin geroz eta elur gutxiago egiten duela aldaketa klimatikoagatik. Baliteke. Duela hamabost urte, esaterako, elurra tontorretatik herrigunera jaitsi zen. Lau egunez bota zuen, eta garaiko kronikek diotenez, «egunerokotasuna hankaz gora irauli» zuen. Etzegarate itxi egin zuten, eta eskolak ere «erdi hutsik» egon ziren, herri txikietan bereziki. Dena ez da baina buruhaustea, eta gozatu ederra hartu zuenik ere bazen: Antion eskiatzen ibili ziren ausartenak.
Bestalde, Goierriko zazpi dolare sagardotegiek ere txotx garaia zabaldu zuten urteroko legez. Orduan ere uzta ona izan zen, eta garraztasun apur bateko sagardoa ekoitzi zen. Aldatzen ez den beste arazo bat parrandazaleen iskanbila da. Sagardun elkarteak «etxera itzultzeko orduan herritarren loa errespetatzeko» eskatu zuen, eta «autoak horretarako prestatuta dauden lekuetan uztea arazoak ekiditeko». Edan ondoren ez gidatzeko kontzientziarik ez zegoen orduan, eta autobusean edo trenean joateko ohiturarik ere ez.
Urteurrenak
Murumendi eta La Salle Legazpi ikastetxeak ospakizun bete-betean ziren duela hamabost urte. Beasaindarrek 25 urte bete berri zituzten, eta zumarragarrek 75. Urte askotarako opa zieten garai hartan, eta egun jarraitzen dute hazten eta hezten.
Ordiziako Santa Ana abesbatzak ere 25 urte bete zituen 2005. urtean, eta diskoa kaleratu zuten ospatzeko. «Urteotan koralak abestutako hamazazpi pieza gustukoenak» jaso zituzten, «denetik eta denentzako». Suteen itzalketarako trebakuntza zentroa Ordizian eraikiko zutela iragarri zuen gaur hamabost urte foru aldundiak.