Garraiolari bat hil da Olaberriko Arcelor enpresan zamalanak egiten ari zenean
LAB sindikatuak "gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Hego Euskal Herrian, 2020. urtea hasi berri den honetan, hildako zazpigarren langilea dela". Mobilizazioak iragarri ditu.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, garraiolari bat hil da Olaberriko Arcelor enpresan zamalanak egiten ari zenean, 2013. urtean lantegi berean izandako “istripu hilgarriaren” oso antzeko egoeran: “Hildako garraiolaria zamalanak egiten ari zen eta ibilgailua gainera etorri zaio, eta beste kamioi baten kontra zanpatu du. Garraiolaria berehala zendu da. Antzekotasun handiko beste istripu bat gertatu zen lantegi berean, Olaberrian, 2013an. Beste garraiolari bat hil zen orduan”.
Sindikatu abertzaleak elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei. Era berean, “gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Hego Euskal Herrian, 2020. urtea hasi berri den honetan, hildako zazpigarren langilea dela”.
Mobilizazioak
Heriotza horren aurrean, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dute, “guztien artean, langile zein jendartean, sarraski hau geldiarazi dezagun. Non daude Gasteizko Gobernuko arduradunak heriotza hauek salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko. Ondorengo orduetan erantzun zabal eta anitza artikulatzen saiatuko gara, jendarte zein enpresa eremu ezberdinetan”.