Legorretako Udalak 1.860.000 euroko aurrekontua adostu du 2020 urterako
Iaz baino 100.000 euro gehiago izango dituzte. Berditasun teknikaria kontratu du udalak %33,33ko lanaldian; Zaldibian eta Seguran osatuko ditu gainontzeko orduak
Legorretako Udalak, 2020. urterako 1.860.000 euroko aurrekontua adostu du. Iaz baino 110.000 euro gehiago. EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu dute. Udal Gobernuaren proiektu nagusia «etorkizuneko herria irudikatzeko gogoeta» izango da: «Herriak«zein bilakaera izatea nahi dugun adostu, eta horretarako baliabideak jartzen hastea izango da erronka». Hori garatzeko, «parte hartze zabal bat jarriko da martxan, ahalik eta adostasun zabalenarekin erabaki ahal izateko».
Aurrekontuan, nabarmentzekoa da Berditasun teknikariaren kontratazioa. Pauso «oso garrantzitsua» da udalarentzat. %33,33ko lanaldia izango du eta Zaldibia eta Segurako udaletan osatuko du lanaldia. Berdintasuneranzko politikak sustatzeko, «ezinbesteko aurrerapausoa».
Inbertsioen atalean, eraginkortasun energetikoa izango da erronketako bat. Kaleko argiteria aldatuta, «kutsaduran eta kontsumoan zer-nolako bilakaera izan duen ikusita», udal eraikinetan aldaketak egiten hastea izango da hurrengo pausoa. 25.000 euro bideratuko dituzte horretarako, iaz baino 15.000 euro gutxiago.
Gainera, Udalbiltza partzuergoan sartuko da Legorreta, «Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko egiten duen lana kontuan hartuta». 4.000 euroko kostua izango du.
Musika Eskolako gastuei aurre egiteko 70.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino diru gehiago. Bestalde, jaitsiera izango da jaietako aurrekontuan. 45.000 eurotik 40.000 eurora jaitsi dute.
Gizarte Ongizaterako, lehendik gordeta dagoen diru bat erabiliko dute, «zerbitzuen diagnostikoa egin eta eskaintza osatzeko.
Inbertsio errealetan 268.000 euro gastatuko dituzte: Eskolako leihoak aldatzeko, 152.000 euro (Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lortzen bada); Kultur etxeko leihoak aldatzeko, 21.000 euro; udaletxe ondoko biltegi berrirako hornikuntza, 10.000 euro; hilerrian 18 nitxo berri eraikitzeko, 55.000 euro; eta hilerrian irisgarritasuna hobetzeko, 30.000 euro.