San Blas jaiak abian dira gaurtik
Familia txokoaren irekierarekin hasiko dute festetako egitaraua Idiazabalen. Igande eguerdian herri krosaren 40. edizioa egingo dute, eta arratsaldean haur danborrada.
Idiazabalgo San Blas festak bihar hasiko dira. Egitarau oparo eta zabala antolatu dute datozen egunetarako. Astelehen gaualdean bildu ziren herriko eragileak festen aurkezpena egiteko. Familia txokoaren irekierarekin ekingo diote festari. Aurten helduen danborrada bueltan izango da, azkeneko aldiz 2008an egin baitzuten.
Izaro Intxausti kultur teknikariak herriko gazteen lana azpimarratu du: «Herriko gazte asanblada buru belarri aritu da goitibeherak, kontzertuak, jolasak antolatzen». Festetan zehar aldatuko diren elementuei erreparatzeko ere eskatu du: «Adi errepide mozketei».
Pregoia, halere, otsailaren 1ean izango da, mozorro egunean. Aurten Pilarrenea Eguneko Zentroak eskainiko du. 20 urte beteko dira aurten adinekoak zaintzeko zentroa ireki zela. Elixabet Lopez de Munain Turismo eta Garapen ekonomikoko teknikariak azaldu du modu honetan jaiak beste era batera bizi dituztenak gogoratu nahi dituztela.
Axari jaitsiera ere egingo dute. Axari dantza taldea plazara irten zela 40 urte beteko dira, eta ospatzeko Nazario Telleriak konposatu eta Antton Irizarrek asmatutako Ipurdi dantza egingo dute herritarrek. Udalak parte hartzera deitu ditu idiazabaldarrak. Beste bi ekintza gehiago ere berreskuratuko dituzte aurtengo sanblasetan: paella erraldoia eta helduen danborrada. Danborradako antolatzaileek adierazi dute «ia 200 bat pertsonak» hartuko dutela parte: «Jendea animatuko zela ikusi genuen, eta udaletxera jo genuen danborrada berriz martxan jartzeko; oso pozik gaude», esan dute.
Bestalde, Intxausti kultur teknikariak azaldu du festetako muntai lanak egiteko «brigada talde bat» osatuko dutela: «Parte hartzeko udaletik pasa behar dira herritarrak».
Lehenengo asteburua
Ostegunean Kantu Jira taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dute herritarrek Eguneko Zentroan. Ostiralerako ez dago ekintzarik antolatuta, baina ez dute asko itxaron beharko idiazaldarrek, larunbatean bueltan izango delako festa giroa. 10:00etan Compac Sporting plater hausketa saioa izango da, eta 17:00etan Euskal Herriko 8x8ko sokatira txapelketa. 19:30etan txistulari ohien kalejira ikusteko aukera izango da, eta 20:00etan 47. txistulari alardea.
Igandean amaiera emango diote festen lehenengo asteburuari ekimen garrantzitsu batekin: Idiazabalgo herri krosaren 40. edizioa egingo dute. Festek etenaldia izango dute hiru egunez.
Hilaren 30ean, bueltan izango dira udalak antolatutako ekintzekin eta etenik gabeko sei jai egun izango dituzte idiazabaldarre. 30ean, Kantu jira taldeak herriko kaleak girotuko ditu 19:00etan, eguneko zentrotik hasita. Otsailaren 1ean mozorro eguna ospatuko dute, otsailaren 2an kandelario eguna, kandela bedeinkazio eta meza nagusiarekin. Astelehenean, otsailaren 3an, San Blas eguna eta kuadrila eguna izango da, eta otsailaren 4an, asteartean, txikiek ere gozatzeko aukera izango dute San Blas Txiki egunarekin.
Festak errespetuan eta aniztasunean bizitzeko deia egin dute: «Ez, ez da! eraso sexistarik ez».
EGITARAUA
Gaur, asteazkena
· 18:00. Udaletxe zaharrean familia txokoaren irekiera Ameli ipuin kontalariarekin.
Bihar, osteguna
· 16:00. Eguneko zentroan, Kantu Jira taldearen emanaldia.
Larunbata
· 10:00. Altunariztiko zelaian Compac Sporting plater hausketa saioa.
· 17:00. Euskal Herriko 8x8ko sokatira txapelketa Igarondo pilotalekuan.
· 19:30. Txistulari ohien kalejira, Birigarroak antolatuta.
· 20:00. 27. txistulari alardea Zelaako kiroldegian.Igandea
· 10:45. 40. Herri krosa.
· 10:45. Haurren herri krosa.
· 12:00. Kadeteen eta helduen krosa.
· 17:00. 39. haur danborrada. Igarondo pilotalekuan amaituko da.
· Ondoren. Futbito txapelketako finalerdiak.