'Sanprudentzioak' iragarriko dituen kartela, lehiaketarako
Lazkaoko festa nagusien irudi izango dena 200 eurorekin sarituko du udalak. Martxoaren 2ra arte aurkez daitezke lanak, edozein estilotan.
San Prudentzio jaiak 2020. Idazpuru horixe edukitzea da baldintza bakarra, Lazkaoko aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela diseinatzerako orduan. Beste behin, lehiaketa irekia deituta aukeratuko du udalak irudia. Esaldi horretatik aurrera, norberak aukera dezake lanaren estiloa: argazkia, collagea, margolana… izan liteke. Baita kolorearen erabilera edo aplikazioa ere.
Martxoaren 2an 18:00etan bukatuko da kartelen irudiak aurkezteko epea, udaletxeko harrera mahaian. Formatu bertikala izan behar dute, 148 bider 210 milimetroko (A5) neurrian edo proportzio berean argitaratuko dutelako ondoren.
Diseinuek originalak izan behar dute, lehen sekula argitaratu gabeak. Bakoitzak lan bakarra egin dezake, bestetik.
200 euroko sari bakarra
Jasotako lan guztiak epaimahai batek baloratuko ditu, udaleko arduradunek, teknikariek, Kultura Batzordeko kideek eta herriko artista batek osatua.
Sari bakarra esleituko dute, 200 eurokoa. Hutsik ere gera liteke, epaimahaikoek nahikoa maila batek ere ez duela ebazten badute.
Adierazitako testuaz gain, beste idatzirik ezingo du izan kartelak; ezta aldarrikapen sexistarik edo politikorik ere, edo alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik edo irudirik ere.













