Turistak erakartzera, Madrilera
Gaur hasi eta igandera arte, Fitur nazioarteko turismo azoka egiten ari dira Madrilen. Goitur agentziak eskualdeko eskaintza eraman du aurten ere, turistak eskualdera erakartzeko asmoz.
Turismo arloan Espainia mailako azokarik garrantzitsuenean, Madrilgo Fitur azokan dira egunotan Goierriko turismo arduradunak. Izan ere, Goitur kide den hainbat elkarte eta erakunde ari dira bertan parte hartzen. Gaur zabaldu ditu ateak azokak, eta igandera arte, mundu mailako dozenaka herrialde eta destinoren berri emango dute bertan; tartean, baita Goierrikoa ere.
Euskadiko stand-aren barruan aurki daiteke eskualdearen inguruko informazioa, hainbat sailetan banatuta. Izan ere, hiru atal nagusitan banatuta dago stand edo gune hori. Touring ataldean, Euskadin barrena egin daitezkeen ibilbide eta destino ezberdinen gaineko informazioa dago, tartean, eskualdeko jatetxe, alojamendu, museo eta abarrena. Informazio orokorraren mahaian, Goierri Gastronomika egitasmoa jasotzen da, jatetxeen, ekoizleen eta produktu gastronomikoen informazio osoarekin. Basque Highlands mapa ere bertan izango da eskuragai, naturari buruzko mahaian. Eta azkenik, hiriburuen inguruko atalean ere agertzen da Goierri, Donostia Turismoko bazkide den heinean.
Fitur azoka, informazioa emateko ez ezik, garrantzi handiko hainbat bilera egiteko ere baliatuko du Goiturrek. Hala, Turespaña-rekin eta Estatuko Turismo Idazkaritzarekin elkartu dira, EDEN lantaldearen testuinguruan; baita aurten Euskadin egingo den COETUR Europako Landa Turismoko Kongresuko antolatzaileekin ere.