Hotz Legazpi azken kanpainan bildutako arropa bidaltzen hasi da
Greziara eta Ceutara bidaliko dute, gobernuz kanpoko bi erakunderen bidez. Hasi berri den urtea sentsibiliazioa landu nahi dute eskoletan. Unitate didaktiko bat sortuko dute
Hotz Legazpi elkarteko boluntarioak lanpetuta dabiltz egunotan. Ekonomato zaharrean gordetako arropa kaxak ordenatu eta Greziara eta Ceutara bidaltzeko prestatzen ari dira. Abenduaren 22an egin zuten janari eta arropa bilketan jasotakoak dira.
Tona bat janari bildu zuten orduan, Zaporeak elkarteak Lesbosko errefuxiatuen gunean egunero ematen dituen 1.500 menuak osatzen laguntzeko: garbantzuak, arroza, pasta, olioa, azukrea, espeziak… Greziarako bidean dira dagoeneko.
Grezia eta Ceuta aldera
Arropa bilketa ere arrakastatsua izan zen. Biltegian 160 kaxa daude gordeta, emakume, gizon eta umeentzako arropaz eta oinetakoz, osagarriz eta mantaz beteta. Orain, bildutako guztiari irtenbidea emateko lanetan ari dira. Baina Hotz Legazpi elkarteko Jon Maiztegik azaldu duenez, «jasotzea erraza da, bidaltzea, zailagoa». Horregatik, material bidalketak duen koste handiari aurre egiteko gobernuz kanpoko erakundeen bitartekaritza behar dute. Janaria Zaporeak-en bitartez bidali dute, eta orain, arropa kaxa batzuk bidali behar dituzte Greziara batetik, En Red SOS Refugiados erakundearen bidez, eta Ceutara bestetik, Digmun elkartearen bitartez.
Seur konpainiaren laguntza ere badute, Espainia barruan dohainik egiten baititu garraioak. Ceuta bertaraino eramango ditu palet batzuk, eta Greziara doazen paletak, berriz, Valentziako porturaino, handik itsasontzian jarraitzeko. Itsasontziaren kostua En Red Refugiados elkarteak hartzen du bere gain, baina Hotz Legazpik ere laguntzen du, orain arte egin dituen kanpaine- tan katiluak, ipuin liburua eta poltsak jasotako diruarekin.
Biltegian geratzen diren kaxei irteera emateko lanean jarraituko dute Hotz Legazpikoek, eta GKE gehiagorekin jarriko dira harremanetan, beharra dagoen tokiraino hel daitezen.
Sentsibilizazioa helburu
Urtea indartsu hasi du Hotz Legazpik, eta datozen hilabeteei begira jarrita, sentsibilizazio ekintzetara bideratuko du batez ere bere jarduna. Hala, ikastetxeentzako dokumentazio didaktikoa prestatuko dute, pertsona errefuxiatuen arazoa herriko ikasleei azaltzeko helburuarekin. Arropa eta janari bilketa bat ere aurreikusten dute, urtean behin egitea beharrezkoa iruditzen zaielako.
Proiektu gehiago ere badituzte, oraindik erabat zehaztu gabeak. Horien artean, Legazpiara heltzen diren kanpotarrei harrera egiteko espazioa eta protokoloa landu nahi dute, gertuko herrietan daudenen antzekoa.
Ideiak ez dituzte falta, eta jendearen laguntza eskertuko dute.