Maiatzaren 30ean Seguran egingo da udalerri euskaldunen eguna
Eguna antolatzeko bilera irekia egingo dute hilaren 29an, Danon Gelan. Herriko taldeak, eragileak eta euskaltzaleak daude deituta.
Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) eta Segurako Udalak elkarlanean antolatuko dute maiatzaren 31ko Udalerri Euskaldunen Eguna. Gaur egun 87 udalek osatzen dute Uema, guztien artean 250.000 biztanle inguruko eremua euskalduna osatuz; tartean dira Goierriko Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio, Gaintza, Gabiria, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Segura.
Bi urtean behin, Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzen dute, Uemako kide diren udalen eta gainerako udalerri euskaldunen bilgune izateko helburuarekin. Udalerri euskaldunetan euskaraz bizi direla gogoratzeko, ospatzeko eta elkarren berri izateko eguna izaten da.
2020ko eguna Seguran egitea erabaki dute. Izarra Urdalleta alkatearen esanetan, “agerian geratu da eguna benetan herrikoia eta arrakastatsua izan dadin ezinbestekoa izango dela antolaketa eta egitaraua herriko ahalik eta eragile gehienen artean lantzea eta adostea”.
Horretarako, bilera irekia egingo dute urtarrilaren 29an, 18:30ean, Danon Gelan. Herriko taldeak, eragileak eta euskaltzaleak daude deituta.