Goiekiko administrazio kontseilu berria eratu dute
Goierriko Ekimena SA enpresa publikoaren bazkideen batzarrean 12 kideko kontseilua aukeratu zuten aurrez, eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak hartu du presidentetza.

Goiekik ekin dio lau urteko beste ekinaldi bati. 25 urte iaz beteta, Goierri beheko 19 udalerrien bailarako industri garapena izango du berriro ere ardatz nagusi, ekintzailetza bultzatzearekin, turismo sustapenarekin eta ingurumen nahiz gizarte gai batzuekin batera.
Goierriko 19 udalerrik osatzen dute Goieki, eta urtearen hasierako batzarrean 12 kideko administrazio kontseilua aukeratu zuten han. Gaur elkartu dira aurreneko aldiz kontseilukideak, Goiekik Ordiziako Arranomendian duen egoitzan, NBF eraikinean. Aitor Aldasoro beasaindarra (EAJ) da presidente, lehenengo aldiz. Ordizia-Lazkao-Beasain hirukoaren arteko txandakatze hurrenkeran Beasaini dagokio lau urteotako lehendakaritza hartzea.
Honakook osatu dute Goiekiren administrazio kontseilua:
- Aitor Aldasoro, presidentea (Beasaingo alkatea, EAJ).
- Eztitxu Mujika, presidenteordea (Zaldibiako alkatea, EH Bildu).
- Jokin Garmendia, idazkaria (Olaberriko alkatea, OEO).
- Bokalak:
- Mikel Olano (Beasain, EH Bildu).
- Eva Alvarez (Beasain, PSE-EE).
- Adur Ezenarro (Ordizia, EH Bildu).
- Mila Sukia (Ordizia Orain).
- Kepa Zubiarrain (Lazkao, EAJ).
- Martin Aramendi (Ataun, EH Bildu).
- Karmele Arruabarrena (Segura, EAJ).
- Aitziber Meabe (Legorreta, EAJ).
- Zelai Amenabarro (Legorreta, EH Bildu).
Zortzi udalerri daude ordezkatuta, beraz, kontseiluan. Alderdika, EH Bildukoak dira 5 kide, EAJkoak 4, eta PSE-EEko, Ordizia Oraineko eta independente bana.
Goiekik 2020rako 1.200.000 euroko aurrekontua izango du.

Goiekiren administrazio kontseilu berria, gaur, Ordiziako egoitzan. /Aimar Maiz