Ainhoa Aguado (Feminista): «Emakumeek beste inork baino arrazoi gehiago dituzte greba egiteko»
Feminista askok ere grebarekin bat egin dute. Izan ere, emakumeen lan baldintzak gizonezkoenak baino okerragoak dira eta grebaren helburuetako bat desoreka horrekin amaitzea da. Ainhoa Aguado (Urretxu, 1987) Urola Garaiko Koordinadora Feministako kideak osteguneko agerraldian parte hartu zuen eta gainontzeko emakumeei greban parte hartzeko gonbita luzatu zien.
Bere ustez, greba egiteko arrazoi asko daude. «Sistema kapitalistaren menpe gaude eta kapitala metatzea helburu duten geroz eta neurri gehiago hartzen ari dira. Greba honek aldarrikatzen duena guztiz kontrakoa da: lan duinak eta pentsio duinak, hain zuzen ere. Oso greba aproposa da, bizi ditugun garaiak ikusita».
Pentsiodunek, langileek eta emakumeek greba egiteko arrazoi asko dituztela aipatu zuen. «Bizi baldintza duinagoak lortzea da kontua: lan egiteko modu duinagoak lortu behar dira, soldata eta pentsio arrakalak eraitsi behar dira… Kapital metatzeari eta politika neoliberalei aurre egin eta arreta beste eremu batean jarri behar da».
Emakumeen egoera bereziki gogorra dela gehitu zuen. «Emakumeen soldatak eta pentsioak eskasagoak dira eta emakume askok lanaldi partzialak dituzte. Horrek pentsioetan eragina du, noski. Alargunen egoera bereziki larria da. Alargun askok 600 euro baino gutxiago kobratzen dituzte eta horrek bizi kalitatean eragina du. Batzuk ezin dute berogailua piztu ere».
Hori dela eta, emakumeei greba egiteko eskatu zien. «Inork baino arrazoi gehiago dituzte greba egiteko. Beraiek bizi duten prekarietatea bereziki larria da».