Anttoni Nazabal (Pentsioduna): «Beldurrarekin eskuak lotu nahi dizkigute, baina kalean segiko dugu»
Greba orokorrarekin bat egingo du Anttoni Nazabalek (Zaldibia, 1956). Pentsioduna da eta «egundoko poza» du greba deialdiagatik. Gogoratu du «duela bi urte, herrietan, astelehenetan, pentsiodun anitzak eta ideologia oso deberdinetakoak mobilizatzen hasi» zirela, kolektibo horrek bizi duen egoera salatzeko. «Denetariko egoerak daude, baina bereziki txarra da lan merkatutik kanpo lan egin duten emakume pentsiodunen egoera, edo alargun gelditu diren emakumeena».
Nazabalek esan du, erakundeetatik «egundoko apustua egiten ari» direla «pentsioak pribatizatzeko» eta horrekin, «beldurra sartu nahi» dutela. Pentsio publikoak «langileen borrokarekin lortu ziren eta orain borrokan segi behar dugu, gaurko eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko».
Baina pentsiodunen aldarriaz gain «greba soziala» dela garbi du eta greba orokorreko lemak «dena esaten» du Nazabalen ustez: «Lan, pentsio eta bizitza duina, aldarri horretan biltzen dira, etzi, kaleak hartzeko arrazoiak». Herritar guztiei grebara batzeko deia egin die: «Beldurra astinduz, sinistu dezagun posible dela. Agian handik eta hemendik iritsiko zaigu Euskal Herrian ez duela zentzurik greba egiteak, baina izan gaitezen herritar kritikoak, bestela, beldurrarekin, berriro eskuak lotu nahi dizkigute eta gu, pentsiodunak, kalera atera gara eta kalean segiko dugu, arrazoi mila daudelako, gizarte duin baten alde mobilizatzeko, gazteetatik hasi eta adinekoetaraino, emakume zein gizon, langile zein langabe izanda ere».
Grebaren aurka, hainbat komunikabideetatik egin den kanpaina ulertzen ez duela ere esan du: «Benda bat jarri nahi digute».