PSE-EEk nazismoaren biktimak identifikatzea eta omentzea eskatu dio Beasaingo Udalari
Teofilo Leon Marcos Beasainen jaio zen 1915. urtean, eta Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparruan erail zuten 26 urte zituela.
Alderdi Sozialistak Beasaingo Udalari herriko nazismoaren biktimak identifikatzea eta omentzea eskatu dio. Espainiako Aldizkari Ofizialak 2019ko irailean argitaratu zuen zerrendaren arabera, Teofilo Leon Marcos beasaindarra da biktima horietako bat. Sozialistek ea biktima gehiagorik egon ote zen jakin nahi dute, eta behar bezala omendu.
Leon Beasainen jaio zen 1915eko martxoaren 5ean. Preso hartu zuten naziek eta Austriako Mauthausen-Gusen kontzentrazio esparrura deportatu zuten. Bertan hil zen 26 urte zituela, 1941eko abenduaren 20an. PSE-EEk bere bizitzaz gehiago jakin nahi du, zergatik eraman zuten preso eta ea senitartekorik baduen, “Beasaingo herriak berarekin eta biktima guztiekin duen zorra kitatzeko”, adierazi du Eva Alvarez zinegotziak.
Eskaria nazismoaren biktimen egunaren harira egindakoa da. Urtarrilaren 27an askatu zuen Armada Gorriak Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, eta data berezi hori baliatzen da biktimak omentzeko. Denera, naziek 25.000 kontzentrazio esparru eraiki zituztela kalkulatzen da, eta hildakoak milioika izan ziren. Zuberoan ere izan zen kontzentrazio eremu bat, Gursekoa, eta 6.000 preso euskal herritar baino gehiago pasa ziren bertatik.