Herritarrak "erdigunean" kokatzen dituzten udal aurrekontuak martxan
Atalez atal aurkeztu ditu udal gobernu taldeak 2020rako kontuak. Gizarte ekintzak darama partidarik handiena. Bellotako pentsio zaharra erosteko partida bat jaso dute
Legazpiko udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontuak aurkeztu ditu udaletxean. Koldobike Olabide alkatearekin batera, Maite Lonbide, Jabier Iraeta, Erik Galvez, Amaia Zaldua eta Iñigo Imaz zinegotziek atalez atal xehetu dituzte iazko azken udalbatzan EAJ-ren eta PSE-ren aldeko botoekin, eta EH Bildu eta Legazpiko Berdeak taldeen aurkako botoekin onartutako diru kontuak.
Legazpiko udal aurrekontua 11.156.243 eurokoa da, iazkoa baino % 1,17 handiagoa. Olabidek azaldu duenez, egonkortasun, jasangarritasun eta likidezia arauak betetzen dituzten aurrekontuak dira. Hala, 84.000 euroko superabita aurreikusten dute, zorra sarreren % 3,76an kokatzen dute eta ordainketak 17 egunetara egiteko aukera ematen dute. Beraz, «udal finantzen osasuna bikaina da». Udal zorra, 424.470 eurokoa da (% 0,79).
Herritartasuna, handiena
Hiru ataletan banatu dituzte aurrekontuak: herritartasuna, lurraldetasuna eta antolakuntza. Herritartasunaren partida da handiena, kopuru osoaren %43arekin, izan ere, «herritarren premiak asetzeko zerbitzuak eskaintzea da udalaren helburu nagusia», alkatearen esanetan. Gizarte ekintzen atalak darama kopururik handiena. Lurraldetasunak aurrekontuen % 35a hartzen du, eta bertan kokatzen dira hainbat inbertsio: kiroldegiko energia berriztagarriak, Itxaropen auzoko hainbat gunetako eskailerak, Latxartegi parkeko komuna, San Ignazio auzoko berritze lanak, Agirre Etxeberriko garajearen konponketa eta Laubideko igogailuarentzako pasabidea. Inbertsioen atal honetan Bellotaren pentsio zaharraren erosketarako dirua ere sartu dute.
Antolakuntzak, azkenik, aurrekontuaren %22a hartzen du, eta bertan sartzen dira udal agintarien eta langileen soldatak, besteak beste.