Nerea Urkiola (Ikaslea): «Lan baldintza hobeak ez dira berez etorriko, borrokatu beharra dago»
Gazteek ere protagonismo handia izango dute osteguneko greban. Izan ere, langabezia eta soldata baxuak direla eta, askok oso zail ikusten dute aurrera egitea. Ostegunean gazte asko aterako dira kalera, bizitza duin baten alde. Horien artean Nerea Urkiola (Zumarraga, 2001) egongo da. Urkiolak Urretxuko eta Zumarragako greba batzordeak ostegunean egin zuen agerraldian parte hartu zuen.
Zumarragako gaztea Paula Valderrama, Laura Fernandez eta Uxue Fernandez lagunekin batera joan zen Urretxuko agerraldira. Lauak ikasleak dira: irakasle, administrari eta erizain laguntzaile izateko ikasten ari dira.
Urkiolak gazteek ere greba egiteko arrazoi asko dituztela uste du. Alde batetik, lana aurkitzea ez dela batere erraza dio: «Lana aurkitzea garai batean baino askoz ere gehiago kostatzen da. Gazteontzat duela urte batzuk baino zailagoa da lan merkatuan sartzea».
Gainera, askotan lan baldintzak ez dira behar bezain onak. «Gazteok urte asko ematen ditugu ikasten eta lan baldintza hobeak edukitzea merezi dugula uste dut».
Lan baldintza hobeak lortzeko bide bakarra aldarrikapena dela uste du. «Baldintza hobe horiek ez dira berez etorriko, horren alde borrokatu beharra dugu», aipatu zuen.
Hori dela eta, Urkiolak eta bere lagunek osteguneko greba erabat beharrezkoa dela uste dute. Hala, Urretxuko eta Zumarragako gainontzeko gazteei greban parte hartzeko gonbita luzatu zieten. «Bi herriotako gazte guztiak, eta herritarrak orokorrean, grebarekin bat egitera animatu nahi ditugu. Zenbat eta jende gehiagok bat egin, hobe. Lan baldintza duinak izatea dago jokoan», amaitu zuten.