Brinkolako azken faktorea
Jesus Alonso jubilatu da, eta Brinkolako tren geltokia zirkulazio faktorerik gabe geratu da. 'Motxilas' ezizenez ere ezaguna den Alonso, 21 urte eskas zituenean iritsi zen auzo horretara, lantokiko eta inguruko lasaitasunak erakarrita.
Jesus Alonso Brinkolako tren geltokiko azken faktorea, joan den astean jubilatu zen eta geltokia langilerik gabe geratu da; aste batzuk lehenago Brinkolan lan egiten zuen beste faktorea ere erretiratu zen, Julio Vidal ordiziarra. Aurrerantzean, katigamendu edo seinale zerbitzuetako langileek erabiliko dute soilik eraikina, trenen zirkulazioa kontrolatzeko instalazioan azterketak egin edo aberiak konpontzeko.
Erabiltzaileek ez dute nabarituko faktorearen falta, duela 10 urte baino gehiago teleagintea edo mekanikazioa ezarri zutenetik asko aldatu zelako geltokiko martxa. Aspaldian ez da tren txartelik saltzen, adibidez, eta faktorea ere ez da nasara ateratzen txanoa jantzita eta banderatxoa eskuan geltokitik trenen bat igarotzen den bakoitzean edo bertatik abiatzen den tranbiari irteera agindua txilibituarekin emateko. Guztia teleagintearen esku dago orain.
Tren munduko familia
Trenbideetako langile familiakoa da Alonso; Burgoskoa da jaiotzez baina Palentziako Venta de Bañosen hazia da. Berak ere tradizioari jarraitzea erabaki, eta orduan Renfen lan egiten hasteko zegoen modu bakarrari heldu, eta Eskala Militarrean lau urte ikasten eta lanean egin zituen. Prestakuntza epea amaitutakoan, Donostiako geltokira destinatu zuten 21 urte zituenean. Destino korapilatsua dela dio, garai hartan manifestazio asko egoten zirelako, eta barrikada dezente jartzen zituztelako trenbidean, beti tentsioan zeudela gogoratzen du.
Horregatik, handik gutxira Brinkolako langile baten oporrak ordezkatzera bidali zutenean, geltoki txiki horretako lasaitasuna gustatu eta bertara destinatzea eskatu zuen. 1981. urtea zen. Ordukoa du ‘Motxilas’ ezizena, Brinkolara lehen txanda egitera iritsi zenean jarritakoa. Erreleboa eman behar zion langileak mutil gaztea eta motxilarekin zetorrela ikustean, ez zuen pentsatu bera ordezkatzea zetorrenik inondik inora. Motxila askotan erabiltzen du oraindik ere.
Alejandro Herrero zen orduan Brinkolako faktoreetako bat, oraindik ere brinkolarren gogoan dagoena. Haren ondoren Antonio Fernandez, Manuel Olivera, Roberto Madera, Cecilio… etorri ziren eta horiekin guztiekin egin du lan Alonsok. Denak kanpotarrak ziren, «orduan hemen inork ez zuen Renfen lan egin nahi, industriara jotzen zuten», dio.
Brinkolan jarraituko du
Brinkolan, lantokia ezezik, bizitokia ere aurkitu zuen Alonsok, Garron etxea erosi eta bertara etorri zelako bizitzera Blanca Abad emaztearekin. Jubilatu eta gero ere bertan geratuko dira.
Denbora libre asko izango du orain. Alonsok 63 urte ditu oraindik, eta bere zaletasun nagusia den argazkigintzari eskainiko dio denbora; Ikatza taldeko kidea da. Baina zaletasun gehiago ere baditu: egur taila, pintura… Ez du uste aspertuko denik.
Balantze positiboa egiten du Brinkolan egindako 39 urtetakoa. Hasierako urteeak, 12 orduko txandak egiten zituztenekoak, gogorragoak zirela dio; eguneko eta gaueko txandak ziren, 08:00etatik 20:00etara eta 20:00etatik 08:00etara, sei egun jarraian, eta gero beste hiru jai: «Lan egin, lo egin eta jan besterik ez, halakoak ziren egunak», baita Eguberrietan ere. Faktoreek ezin ziren geltokitik atera ere egin, eta bertan bazkaltzen eta afaltzen zuten. Hasieran Patxi tabernan enkargatzen zuen janaria Alonsok, baina gero emaztea hasi zen etxetik otorduak eramaten.
Hasierako garai haietan geltokian egon behar bai, baina orain baino aldiriko tren gutxiago zegoenez, denbora libre apur bat ere izaten zuten, eta tarte horretan lorategi txiki bat ere izan zutela gogoratu du jubilatu berri den faktoreak. Dena den, lan handiko uneak ziren nagusi, eta mekanizazioa ezarri aurretik eskuz egiten zuten guztia: «Akats bat egiteak ondorio katastrofikoak izan zitzakeela pentsatzeak… Tentsio handia izaten genuen». Automatizazioak, lan txandak zortzi ordura jaisteaz gain, lasaitasun apur bat ere ekarri zien arduraren aldetik.
Bitxikeriak
Brinkolako geltokian egindako ibilbide luzean zehar makina bat bitxikeria izan ditu Alonsok. Horietako asko, duela urte batzuk arte geltokiak zuen izenak berak eragindakoak dira, izan ere, lehen Brinkola-Oñati zen bere izena, eta Oñatira zihoan jendea ere etortzen zen Brinkolaraino; orduan, «Legazpira joateko esaten genien, handik autobusez joateko. Gero, Donostiako geltokikoei esan genien Oñatirako txartela eskatzen zutenei esateko hobe zutela Zumarragan edo Legazpin geratzea».
Bestetik, Irun-Brinkola lineako azken geltokia izanda, festa gau baten ondoren trenean lo geratutako asko esnatu behar izan ditu, euren geralekura berriz ere bueltan bidaltzeko.
Orain, horrelako lanak egiteko ez da inor geratuko Brinkolako tren geltokian.