Ehun aleen bezpera
Beasaingo Udalak hitzarmena sinatu du Renferen lurretan etxebizitzak egiteko. Legorretak 2005 urterako 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu du eta inbertsioak nagusituko dira
Hemerotekan atzera egiterakoan egoera bi aurki daitezke. Batzuetan gauzak zenbat aldatu diren ikus daiteke. Beste batzuetan aldiz, 15 urteko tartea igarota ere, denbora polikiago igarotzen dela dirudi. 2005. urteko urtarrilaren 29ko GOIERRIKO HITZA egunkariko azalean albiste izan zen Beasaingo Udalak eta Renfek sinatu berri zuten hitzarmena. Udalak, trenbidearen ondoko lursaila eskuratzeko prozesua hasi berri zuen. Etxebizitzak eraikitzeko asmoa aztertzen ari zirela irakur zitekeen. Garai hartan, Patxi Plazaola zen alkatea eta hark esan zuen «prozesua oso luzea izango» zela. Arrazoi zuen. Gaur-gaurkoz, eremu hortarako proiektua garatzen ari dira, beraz, oraindik luzerako doan gai bat da.
Bestalde, Legorretako Udalak 2005 urterako udal aurrekontua adostu zuela argitaratu zen. 1,8 milioi euroko kopurua izango zuten urte hartarako, 2020 urterako adostu dutenaren kopuru berdintsua. Batez ere obretara eta mantenura bideratuko zuten. Inbertsio garrantzitsuena, Kale Nagusiko 3. faseko obrak, Legorretazahar eta Berostegiko urbanizio lanak ziren.
Bi horiek izan ziren azaleko albiste nagusiak baina izan ziren kontatzeko gehiago ere. Zumarragan, Arau Subsidiarioak aztertzen ari ziren. Suaroen inguruko erreportajea ere argitaratu zen. Anaidietan elkartutako baserritarrek osatutako aseguru elkarteak dira suaroak. Eugenio Irastorza preso ohiari egindako elkarrizketa ere argitaratu zen.
Egun horretan kaleratu zen egunkaria, GOIERRIKO HITZAren 99. alea izan zen. 100. alea ateratzeko lanean ari ziren erredakzioko langileak. Ale berezia izan zen. Ohiko zortzi orriez gain, gehigarri berezia ere bazuena. Lau hilabete ez ziren HITZA sortu zela eta dagoeneko 30.000 irakurleren bueltan zegoen.