Yogaren eta ipuinen uztarria
Maite Arresek ipuinen bidez yoga haurrengana gerturatu nahi du. 'Yogipuinak' ikuskizunarekin hara eta hona dabil, eta orain 'Yoga Kartak' argitaratu ditu norberak ipuinak sor ditzan.
Yogak uztartu esan nahi du sanskritoan, eta Maite Arresek hala egin du: yoga asana (jarrera) eta alegiak batu egin ditu Yogipuinak emanaldiarekin. «Helburua haurren artean yoga egiteko ohitura hedatzea da», azaldu du Arresek. «Ez da asanak, hau da, yogako jarrerak nola egin ikasteko tresna bat. Haurrak yogara erakartzeko baliabide bat da», gaineratu du.
Alegia formatua hautatu izana ez da kasualitatea. Haurrentzat erakargarriak izateaz gain, Arresek harreman estua baitu beraiekin: ipuin kontalaria da. «Urteetan aktore lanetan ibili nintzen. Hura amaitu zenean ipuin kontalari hasi nintzen haurrekin lan egitea gustatzen zaidalako eta interpretatzeko grina asetzeko balio didalako», dio. «Gainerako ipuin kontalariengandik bereizteko hasi nintzen yoga asanak sartzen emanaldietan».
Arresek propio sortutako alegiak erabiltzen ditu kontakizunetan, eta Margi Egiguren ilustratzailearekin batera Yoga Kartak sortu ditu kontakizuna era fisiko batean gordetzeko. «Yogipuinek ez du zerikusirik helduei zuzendutako yoga saio batekin. Yogipuinak dosi txikiak dira, haurren beharrei egokituak». Arresek ondotxo daki haurrak bereziak direla: «Haurrek ez dute yoga egin nahi. Mugitu eta jolastu egin nahi dute». Hasitakoan, ordea, gustura izaten dira txikienak: «Saioa amaitzean beti galdetzen diet zer sentitzen duten, eta beraiek ere konturatzen dira erlaxatuago daudela». Lau urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizuna da, gorputza ezagutzea ezinbestekoa delako.
Yogaren onuretako bat azeleragailutik oina altxa eta bizitzaren erritmoa jaistea da. «Arnasketaren, luzaketen eta erlaxazioaren bidez lasaitu eta zaindu egiten gara», baieztatu du Arresek. «Buruak, bihotzak eta gorputzak bat egiten dute yogarekin», borobildu du. Arrese duela 20 urte hasi zen yoga praktikatzen, astean behin. «Onurak berehala nabaritu nituen eta gehiagoren gogoa sartu zidan. Formatu egin naiz yoga irakasle bihurtu arte». Donostiako Egia auzoan ematen ditu egun Yoga klaseak.
Etzi Lazkaon
Arreseren ustetan geroz eta jende gehiagok ezagutzen ditu yogaren onurak eta, horregatik, geroz eta gehiagok praktikatzen dute. Yogipuinak emanaldiekin behintzat hara eta hona dabil. Esaterako, etzi Lazkaoko liburutegian izango da 17:00etan. «Oso gustura nago ekimena izaten ari den harrerarekin».