Grebak "jarraipen zabala" izan du sindikatuen arabera
Industrian eta zerbitzu arloan ia erabatekoa izan da greba orokorraren oihartzuna. Herri nagusietan, komertzio, taberna eta saltoki gehienak itxita daude. Arratsaldean manifestazioak egingo dituzte herrietan.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta euskal gehiengo sindikalak Lan-pentsio-bizitza duina lemapean deitutako greba “jarraipen zabala” izaten ari da, sindikatuen esanetan. Goierrin industria ia erabat geldiarazi du lanuzteak, eta herrietako komertzio, taberna eta saltoki handirik gehienak itxita daude.
Goizean goizetik piketeak antolatu dituzte, eta eskualdeko enpresa eta industrialde nagusietan barrena ibili dira, bozgorailuetatik mezuak zabaldu eta afixak banatzen. CAF, Indar, Irizar, Ampo, Jaso, Bellota edota GKN dira grebarekin bat egin duten enpresarik handienetako batzuk. Herri nagusietan ere, kale-birak antolatu dituzte, eta herriguneetan ibili dira. Zabalik zeuden saltoki eta taberna bakanek itxi egin dituzte ateak, piketeak pasa orduko. Ikastetxe gehienek eta hainbat udalek ere ez dute zerbitzurik emango gaur.
Eguerdian Donostia aldera abiatu dira Goierritik, bertan une honetan egiten ari diren manifestazioan parte hartzeko. Arratsaldean, Goierrin bertan egingo dituzte mobilizazioak. 18:00etan, zutabe bana aterako da Beasain, Lazkao eta Ordiziatik, eta Lazkaibarren elkartu ondoren, Ordiziako plazan bukatuko dute manifestazioa, ekitaldi batekin. Legazpin ere 18:00etarako deitu dute manifestazioa, eta Urretxu-Zumarragan, 19:00etarako.
Goizak utzitako irudi bilduma, bideo eta argazkitan: