Festen bigarren txanda martxan
Pilarreneako Eguneko Zentroko langileek eta erabiltzaileek irakurriko dute festetako pregoia, bihar. Helduen danborrada egingo dute gaur, 2008. urtetik lehenengo aldiz
San Blas jaietako bigarren asteburua ekintzaz beterik dator. Gaurtik asteartera arte etenik gabeko bost festa egun izango dituzte idiazabaldarrek. Bihar pregoia botako du Pilarreneako taldeak, baina lehenago, gaur iluntzean, helduen danborrada bueltan izango da; izan ere, 2008. urtean egin zen azkeneko aldiz, eta aurten berreskuratzea erabaki du herritar talde batek.
DANBORRADA BERRIZ ERE
Helduen danborradaren berreskurapena izango da aurtengo Sanblasetako berritasunetako bat. 2008an egin zuten azkeneko aldiz, eta aurten indarberrituta itzuliko da. Antolakuntzak azaldutakoaren arabera, ideia kafe batetik sortu zen: «Kuadrillan hitz egiten ikusi genuen askori ematen zigula pena helduen danborrada galdu izana», adierazi dute. Jendearen harrera «oso ona» izan dela diote: «195 pertsona inguruk hartuko dugu parte». Bi entsegu egin dituzte igandean dena ondo atera dadin, eta oraindik ere badaude izena ematen ari direnak: «Izen emateak jaso zirenetik irtetzeko egunera arte, 30 pertsona inguru apuntatu dira».
PILARRENEAKO PREGOIA
Aurten Pilarreneako Eguneko Zentroko erabiltzaile eta langileek emango diete hasiera jaiei ofizialki. 20 urte beteko dira aurten zentroa ireki zenetik, eta 100 urte beteko ditu, berriz, eraikinak berak. Rosi Mendigain eguneko zentroko langileak azaldu du «sorpresa» izan zela pregoilariak izateko gonbitea, eta eguneko zentroaren garrantzia azpimarratu du: «Familiek deskantsua hartzeko aukera dute, eta erabiltzaileak lasai daude badakitelako etxera joango direla gauean». Gema Bengolain lankidearekin batera irakurriko duela pregoia aurreratu du: «Erabiltzaile bat gurekin eramango dugu eta besteak ikustera joango dira».
GOITIBEHERA PROBA
Mozorroen eguna egingo dute bihar, eta mozorrotuta aterako dira XIX. Goitibehera Txapelketan parte hartzen dutenak ere. «40 bat parte hartzailek eman dute izena», azaldu du Saioa Elorza antolatzaileetako batek. Hiru kategoriatan banatuko da txapelketa: neumatika, arinak eta drift trike. Elorzak azaldu du aurten parte hartzaile gehien izango dituena neumatika izango dela. Neumatikan 17k hartuko dute parte, arinetan 9k eta drift trike kategorian 11k.
Mozorroen txapelketa ere egingo dute: «Goitibehera dibertigarriena sarituko da», esan du.
PILOTA PARTIDA
Binakako Txapelketako pilota partida izango da bihar. Laso eta Albisu, Jakaren eta Zabaletaren aurka lehiatuko dira. Idiazabalen bizi den ataundarra da Albisu. Partida «gogorra» izango dela esan du: «Jaka eta Zabaleta lider doaz, batere hutsunerik gabe». Halere, gogotsu daude: «Gu konfiantzarekin gaude azken lau partidak irabazita».
TXIRRINDULARI PROBA
Astelehenean XXXII. San Blas Txirrindulari Lasterketa egingo da. Aitor Zuriarrain antolakuntza taldeko kideak azaldu du 25 pertsona inguruk hartuko dutela parte, baina zehazki ezin dela jakin, «egunera arte ez delako inskripzioa ixten». Umeen proban, aldiz, 80 haurrek hartuko dute parte.
TRAFIKO MOZKETAK
Udaletik azaldu dute errepide mozketak izango direla festak direla eta. Urtarrilaren 31n, arratsaldeko 17:30etik otsailaren 4ko 21:00ak arte, Kale Nagusia itxita egongo da trafikoarentzat, mediku etxe zaharretik Txomenarena parera. Asteburuan, halere, Aita Iparragirre herri eskolako patioan aparkatzeko aukera egongo da. Aparkaleku hori erabili ahal izateko Bentatxiki aldetik sartu beharko da herrira.