«Egindakoarekin lasai» daudela esan dute auzipetuek
J. Migel Santamaria, Elena Ruiz eta Aitor Altuna izan dira Aralarko pisten auzian deklaratzen azkenak. Teknikoen eta aldundiko ordezkarien txanda da orain
Aralarko pisten auziagatik Tolosako epaitegian deklaratzen izan ziren asteazkenean Elena Ruiz Beasaingo udal ordezkaria, Aitor Altuna Lazkaoko udal ordezkaria eta Jose Migel Santamaria Ordiziako udal ordezkaria eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakari ohia dena aste- lehenean, Arama, Altzaga, Abaltzisketa eta Amezketakoek deklaratu zuten. Santamariak aste honetan deklaratu duten ordezkarien egoerari buruz adierazi du, «erabaki hori Mankomunitatearen baitan demokratikoki hartzeagatik» auzipetu dituztela eta gaineratu du, «lan horiek egiteko burutu zen prozesu administratibo osoan ez zela kontrako txosten teknikorik edota juridikorik izan». Hartutako erabakia,«berme guztiekin» hartu zutela eta «egindakoarekin lasai» daudela. Baina auzipetuak izateak eta deklaratzera joateak «ezinegona eta urduritasuna sortu» dizkiela, haien egunerokotasunetik «oso urrun dagoen egoera» delako, eta ordezkari gisa «gure herrien interesen defentsan aritzeagatik» horrelako egoera batean aurkituko zirenik pentsatzen ez zutelako.
Epaitegian deklaratu duten ordezkarien hitzetan, «abenduan salatutako indefentsio egoera berean jarraitzen» dute, Mankomunitatea haiekin «ez baita harremanetan jarri».
Datorren astean deklaratu beharko dute teknikariek eta foru aldundiko ordezkariek.