Gaur hasiko dira Matxinbentako Santa Ageda festak
Biharko ekitaldirik nagusiena Beko Tabernako bertso afaria da. Agin Laburu eta Beñat Lizaso gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Atxaferoa lehertzean ekingo diete matxinbentarrek Santa Ageda festei. Asteazkenera arteko, hau da, Santa Ageda egunera arteko egitaraua prestatu du Matxinbenta auzoko festa batzordeak.
Mus txapelketa antolatu dute gaur iluntzean festak hasteko. Lau erregetara, lau hamarrekora eta lau usteletara jokatuko dute.
Biharko ekitaldirik nagusiena Beko Tabernako bertso afaria da. Agin Laburu eta Beñat Lizaso gonbidatu dituzte antolatzaileek. Bertsolariek Xabier Etxaniz eta Lidia trikitilariei emango diete txanda, erromeria izango baita iluntzean. Haurrentzako puzgarriak eta txokolate jana ere izango da.
Igandean 11:00etan hasiko da eguna, meza santuarekin. Jarraian haurrentzako jolasak egongo dira eta Azpeitiko eta Beasaingo gaztetxoen arteko eskuzko pilota partidak. Eguerdian herri kirol jaialdia izango da Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariekin eta Guzta eta Goenatxo III.a harri jasotzaileekin. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute auzoa.
Asteartean, Santa Ageda bezperan, auzoko hainbat lagun santa eskean aterako dira inguruko baserrietan barrena. Asteazkenean, berriz, Santa Ageda egunean, 11:00etan meza santua eta hamaiketako berezia egongo da. Bertako produktuekin osatutako otarrak zozketatuko dituzte.