Goierriko Hitzak 100. zenbakia egin zuenekoa
Gaur 15 urte, ehungarren zenbakia argitaratu zuen Goierriko Hitza egunkariak. Inkesta batek, herritarren ustez egunkaria "ona" eta "irakurterraza" zela utzi zuen agerian. Elurrak zaildu egin zuen, hala ere, egun haietako banaketa.
Goierriko egunkariak pasa den urrian bete zuen sortu zeneko 15. urteurrena. Gaurko egunez, berriz, 100. zenbakia argitaratu zuen, eta baita edizio berezi batekin ospatu ere. Irakurleen artean egindako inkesta baten arabera, egunkari ona (%73) edo oso ona (%22) jotzen zuten, bailarako aniztasuna errespetatzen duena (%83) eta irakurterraza (%82). Irakurleek ez ezik, hainbat elkartek, euskara taldek eta eragilek eman zioten babesa eskualdeko egunkariari, eta horiei guztiei esker ona adierazi zien egunkariak.
Dena ez zen erraztasuna, ordea, hasiera haietan. Urtarrilaren hondarreko elurteak zaildu egin baitzuen Hitzaren banaketa, eta horren berri ere eman zuen, egunkariaren eguneroko funtzionamendua azaltzearekin batera. Eguraldiak, bestelako ekitaldietan ere izan zuen eragina, eta Idiazabalgo auto-krosa edota asteburuko futbol partidak bertan behera gelditu ziren, besteak beste.
Gainontzeko kontuetan, Idiazabalgo San Blas jaiak eta Herri Krosa, eta Ordiziako Kalderero festa izan ziren hizpide.