Haurrek kultura maitatzea helburu duen egitaraua aurkeztu dute
Urretxuko eta Zumarragako udalen haurrentzako programazioa inoiz baino aberatsagoa izango da. Antzerkia, zinea eta familientzako tailerrak antolatu dituzte, besteak beste
Urretxuko eta Zumarragako udalek 2020ko haurrentzako programazioa aurkeztu dute. Antzerkia, zinea eta familientzako tailerrak egongo dira, besteak beste. Helburua haurrak aisialdian kultura kontsumitzera ohitzea da.
Arte eszenikoei dagokienez, sei emanaldi egongo dira: hilaren 16an Potx eta Lotx pailazoek Etxean ikuskizuna egingo dute, martxoaren 22an K-baret musikalaz gozatzeko aukera egongo da, maiatzaren 17an Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi dantza ikuskizuna egingo dute, urriaren 18an Hecho en Casa konpainiak Cyrano lana antzeztuko du, azaroaren 22an Trakamatraka kontzertu eta tailer didaktikoaz gozatzeko aukera egongo da eta abenduaren 6an Txan Magoak Hausle ikuskizuna egingo du.
Saio guztiak Labeaga aretoan izango dira 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena izan ezik. Hauek bi saio eskainiko dituzte Ederrena pilotalekuan: 16:30ean eta 18:30ean.
Sarrerek 5 euro balio dute (Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak 7). Bonuak ere salgai jarri dira: hilaren 14a arte Urretxuko kultur etxean eta hilaren 16an, 16:00etatik 17:00etara, Labeaga aretoan. Haurren bonuak 20 euro balio du eta haurrari heldu batekin joateko aukera ematen dionak, 30 euro.
Bestalde, hilaren 23an, martxoaren 8an, apirilaren 19an, urriaren 11n eta azaroaren 15ean Zine Txiki nazioarteko zinemaldiko pelikula esanguratsuenak emango dituzte: 17:00etan, Labeaga aretoan. Sarrerak euro bat balio du. Lehenago, larunbat honetan, trebezia lehiaketako finala jokatuko dute toki berean. Finala 17:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da.
Sormen tailerrak
Sormen tailerrak ere antolatu dituzte. Oihane Vicente dantzariak Dantza Familian tailerra egingo du igandean, martxoaren 1ean, apirilaren 5ean, maiatzaren 3an, urriaren 4an, azaroaren 8an eta abenduaren 6an, 11:00etatik 12:00etara, Labeaga aretoan. 3-8 bitarteko haurrei zuzendua dago eta heldu batekin parte hartu behar dute. Saio bakoitzeko 10 euro ordaindu behar da. Urretxuko kultur etxean eman behar da izena.
Josu Marotok, berriz, Arte Digitala Familian ikastaroa emango du. Tablet bat erabiliz, marrazketa digitalaren oinarriak ezagutuko dituzte. Familia bakoitzak bere tableta eraman behar du. Saioak martxoaren 1ean eta apirilaren 26an izango dira, 17:00etatik 18:30era, Labeaga aretoan. Tailer hori 7-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei eta 13-14 urteko gaztetxoei zuzendua dago. Familia bakoitzak 10 euro ordaindu behar du. Urretxuko kultur etxean eman behar da izena.
Iñaki Casasek Mahai Jolasak Familian tailerra emango du. Saioak urriaren 4an eta azaroaren 8an izango dira: 17:00etatik 20:00etara, Labeaga aretoan. 8-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei eta 13-16 urteko gazteei zuzendua dago. Urretxuko kultur etxean eman behar da izena. Doakoa da.
K-baret tailerra, berriz, martxoaren 15ean izango da: 17:00etatik 19:00etara, Labeaga aretoan. K-baret ikuskizuneko aktoreekin antzerkia eta dantza egiteko aukera egongo da. 10 urtetik gorakoei zuzendua dago eta 5 euro ordaindu behar da.
Tailerrekin bukatzeko, apirilaren 5ean, maiatzaren 10ean, urriaren 25ean, azaroaren 29an eta abenduaren 20an zirku tailerrak egingo dira. Labeaga aretoan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. 3 urtetik gorako haurrei zuzendua dago eta 5 euro ordaindu behar da saioko.
Bukatzeko, haurren opor garaietan eta jai egunetan ere beraientzako ekintzak eta tailerrak egongo dira: hilaren 21ean eta 22an dantzaldiak egongo dira inauteriak direla eta, Pazko Astean Antion jolasak egongo dira eta Urretxuko pilotalekuan haur parkea, uztailerako udalekuak antolatuko dituzte eta Gabonetan haur parkea egongo da Urretxuko pilotalekuan.
Aurkezpen ekitaldia
Egitaraua atzo aurkeztu zuten Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak. Fidalgok bi herrietako kultur teknikariei eskerrak eman zizkien. «Urte osoko egitaraua urte hasierarako lotzea oso zaila da».
Programazioko protagonistak haurrak direla gogoratu zuen. «Haurrak erdigunean jartzen saiatu gara. Ez da haurtzaindegi bat edo haurrak entretenituta edukitzeko toki bat, haurrei protagonismoa ematen dien programa bat baizik. Haurrek kultura eta aisialdia lotzea eta familiak elkartzea da helburu. Kalitatezko aisialdiaz hitz egiten ari gara». Serranok bi udalen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen.
Biek Urretxuko eta Zumarragako familiak parte hartzera animatu zituzten eta eskuorriak bi herrietako ikastetxeetan banatuko dituztela aipatu zuten.