Iduzkilore antzerki taldeak Zaldibiara zabalduko du Iparra-Hegoaren dinamika
Segurako astearekin jarraituko duten arren, ekitaldiak eta Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko harremanak herri gehiagotara iristea nahi dute. Zaldibian 'Herriko bozak' antzezlana, bihar
Lapurdiko zenbait herritako antzezle amateurren Iduzkilore taldeak Herriko bozak antzerkia egingo du Zaldibian. Herri Antzokian izango da ikuskizuna, bihar, ositarala, 22:30ean hasita. Sarrera 5 euro da. Piarres Lartzabal idazleak (Azkaine, 1915 Ziburu, 1988) 1956an ondutako Herriko bozak edo nor alkate antzezlanaren (Auspoa, 1962) birmoldaketa da, Maika Etxekoparrek zuzendua.
Iduzkilore konpainia Goierrin ezaguna da lehen ere. 2010ean Lazkaon 1609ko De Lancreren sorgin erreketa krimenei buruz jokatu zuten lana, taldearen izen berekoa. 2015ean, Hazparneko anderea lanarekin hainbat herritan izan ziren.
Umorezko komedia da Herriko bozak lana. «Udal hauteskundeen kontestuan jarrita, kritika soziala eta ironia erabiltzen ditu, Lapurdin esan ohi den bezala, pitokeria irudia emateko», azaldu du Lierni Elortza segurarrak eta Iduzkilore taldeko aktoreak.
Antzezlanaren aurrestreinaldia Orexan (Gipuzkoa) egin zuten iazko urrian, eta estreinaldi ofiziala Uztaritzen (Lapurdi) geroxeago. Ipar Euskal Herrian hogei-bat emanaldi hitzartuta dituzte, Hegoaldean, apur batzuk besterik ez. Zaldibian bihar, Aulestin (Bizkaia) apirilean…
Mugak hautsi, haria estutu
Iduzkilore taldeko 11 antzezlek osatzen dute aktore-taldea Herriko bozak taularatzeko, lapurtarrak denak edo han bizi direnak. «Amateurrak gara denok, eta geuk ondo pasatzea eta ikusleei berdin pasaraztea ditugu helburu bakarrak», argitu du Lierni Elortzak. Ordu eta erdiko iraupena du Lartzabalen klasikoetako bat den obraren antzezpenak. «Umorea da nagusi».
Baina sakonagoko herrigintza ikuspegi bat ere bada, guztiaren bilgarri. Seguran antolatu ohi duten Iparra-Hegoa kultura ekimenean sartuta dago. Aurrerapauso bat eman nahian dabiltza antolatzaileak, Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko harremana sendotu, lotura gehiago sortu eta, azken batean, euskal naziogintzan aurreratuko bada.
Ekitaldiak Seguran bakarrik egitetik, Euskal Herriaren luze-zabalera hedatzeko asmoa hartu dute beren gain, eta Iduzkilore antzerki konpainia horren erakusgarri bat da. «Ekitaldien zerrenda eta kontaktuak zabaldu nahi ditugu, eta herri bakoitzak aukeratu ahalko ditu gero eskaintzen zaizkionetatik zer eraman berera. Ahal den harreman gehien sor daitezela. Zubi-lanean aletxoa jarri nahi dugu», gaineratu du Elortzak.
Bi aldeen arteko jarioa ez dela nahi bezain emaritsua ohartarazi du. «Iparra-Hegoaren helburua hara-honatak ahal bezain errazen sortzea da». Aurrenekoetariko aukera bat, Seguratik kanpo, Zaldibian dago bihar.
Larresoron festa egun bat eta Seguran astea
Zaldibiako antzerki emanaldiaren ondotik, Iparra-Hegoa dinamikak Larresoron (Lapurdi) ospatuko du festa-eguna, otsailaren 15ean. Egun osorako antolatu dituzte ekitaldiak: 11:00etan haurren ikusgarri eta jolasekin hasi, eta Uztaritzeko joaldunak, Segurako trikitilariak, pintxo jatea, pilota-bertso desafioa eta Euskal Errepublikaren aldeko kalejira eta bazkaria dituzte. Gauean (21:00) kontzertuak izango dira.
Seguran, urteroko Iparra-Hegoa kultura-astea martxoaren 23tik 29ra garatuko dute.