Milioi bat euro gehiago izango du aurten Zeraingo udal aurrekontuak
Etxebizitza sozialak eraikitzeko eta Aizpitako labeak hobetzeko diru laguntzak jaso ditu Zeraingo Udalak. Guztira, 1.434.644 euroko aurrekontua izango dute aurten.
Aurten Zerainek izango duen aurrekontua beste urteetan izan duena baino askoz ere altuagoa izango da. 400.000 euro inguruko aurrekontua izan ohi dute herrian, baina aurten 1.434.644,42 euro izango ditu Zeraingo Udalak herriko proiektu eta ekintzetan erabiltzeko. Eusko Jaularitzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak diru laguntzak eman dituztelako handitu da itsulapikoa.
Hiru proiektu nagusi izango dituzte: biodibertsitatea oinarri duen eraikina, alokairu sozialak garatzea eraikin horretan bertan eta Aizpitako labeen berritzea. Biodibertsitate lanentzako 36.008 euro jaso ditu Zeraingo Udalak Eusko Jaurlaritzatik, eta 45.863 euroko inbertsioa egingo dute material biodegradagarrien eraikinerako.
Apirila inguruan amaituko dituzte lanak, eta alokairu sozialerako izango dira. Alokairu sozial horietarako 345.000 euroko diru laguntza lortu du Zerainek; Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailetik 320.000 euro, eta Ihobetik 25.000 euro. Batek izan ezik, etxebizitza guztiek badituzte maizterrak dagoeneko.
Berritze lanak
Aizpitako labeen obra izango da hirugarren proiektua. 669.000 euroko inbertsioa egingo dute meatzetako labeak konpontzen eta berritzen. Espainiako Sustapen ministerioak 530.127,23 euroko diru laguntza eman dio proiektuari, Eusko Jaurlaritzak 126.408,19 euro eta laguntza pribatuen bidez 15.000 euro jaso dituzte. Beraz, guztira, 671.535,42 euro lortu dituzte lanetarako.
2018an eskuratu zuten Espainiako Sustapen Ministerioaren diru laguntza, eta 2019ko udan landu dute proiektua: Aitor Zubia arkitektoaren eta Beatriz Herreras arkeologoaren arteko lana izan da. «Artzai Onaren elizako hobekuntza lanak egin dituen arkitekto bera da», azaldu du Amaia Junquera Zeraingo alkateak.
Zaborren kudeaketa
Bestalde, Junquerak azaldu du hondakinen sistema aldaketarekin «gastua murriztea» lortu dela. Zabor eta hiri hondakinak etxez etxe biltzearekin 22.000 euroko diru sarrerak izango ditu Zerainek, eta inbertsioa 18.500 eurokoa izango da. Beraz, 3.500 euroan murriztu dute gastua hondakinetan sistema eraldatu zutenetik.
Oposizioa kontra
EH Bilduren botoekin (4) onartu da aurrekontua; Zerain Herri Kandidaturak (3) kontra bozkatu du. Ezezkoaren harira, Ainara Etxenausia Zerain Herri Kandidaturako zinegotziak azaldu du «ekonomikoki eragin handia izan dezaketen aldagai batzuk» ez dituztela kontuan hartu aurrekontuan. «Arrisku handia daukan aurrekontua da eta ez direla arduraz jokatzen ari uste dugu», gaineratu du. «Plan ekonomiko finantziero batean» sartzeko arrisku handia dagoela adierazi du Etxenausiak: «Zorpetze maila gorenean dago».
Horrez gain, ZHKko kideak uste du proiektu batzuetan murgildu nahi direla beste batzuk alboratuta: «Produktu potente batzuetan zentratu dira, gure ustez herriak nekez aurre egin diezaiekenak», eman du jakitera. Azaldu du oinarrizko proiektuentzat lekurik ez duela uzten aurrekontuak: «Beste edozein proiekturentzat tokirik ez dago, esaterako hezkuntza proiektu bat garatzeko».