Su txikian ondutako lana
Starblues musika taldeak aste honetan argitaratu du bigarren diskoa, 'Hitz gatibuak izenburupean. Zuzenean aurkeztuko dute bihar, Ordiziako D'Elikatuz zentroan.
Bizitza berri baten lehen egunak izaten ari dira. Proiektu berria jaiotzearekin batera, lehengoari ere eutsiz, nortasun berria ere garatzen joango dira. Bigarren diskoa kalean dute jada Starblues taldekoek.
Hamar urteko ibilbidea du taldeak, eta bidean pilatutako esperientziari forma ematen aritu dira su txikian, azken urtean. Gu geu izan zen lehen diskoa, duela 4 urte kaleratu zutena eta aste honetan bertan, bigarren lana aurkeztuko dute Ordizian, Hitz gatibuak (Gaztelupeko hotsak) izenburupean. D’Elikatuz zentroan izango da, bihar ostirala, 19:30ean. Eta igandean, bideoklipa grabatzeko lanak hasiko dituzte.
Disko honek, biltzen dituen abestiek suposatzen duten berritasunaz gain, beste hainbat ere badakarzki. Urko Ruiz de Apodakak, disko berria mamitzen hasi zirenean utzi zuen taldea, eta Mikel Atxegak hartu zion lekukoa. Jon Barrerosek (gitarra eta ahotsa) esan du «lan profesionala egiten ari» dela taldekide berria eta «primeran ari da egokitzen». Atxegarekin eta Barrerosekin batera, taldea sortu zeneko beste bi kidek osatzen dute laukoa: Yon Labaien pianoan eta hammondean, eta Fermin Etxeberria baterian.
Disko landua
Lan berria, Fredi Pelaezek grabatua, Beasaingo Pottoko estudioan ekoitzia eta Gaztelupeko Hotsak zigilupean kaleratu da. «Lehen diskoarekin ateak ireki zizkiguten eta oraingoan ere hala egin dute», nabarmendu du Barrerosek.
Denbora bat bazen kontzerturik egiten ez zutela, eta bazuten aitzakia on bat: «Gauzak ondo egin nahi genituen, disko berria hartu eta aurrekoa baino landuagoa den materiala nahi genuen». Lan egiteko modua «oso desberdina» izan da. Orain arte entzun ez diren abestiek osatzen dute diskoa. Beraz, sorpresa askorekin dator Hitz gatibuak.
Alde instrumentala ederki landutakoa eta gauzatutakoa. Estilo desberdinak entzuteko aukera ematen du diskoak, «benetako bluesa, baina doinu rockeroagoak ere badaude, besteak beste». Abesti zerrendari begiratuta, beste berritasun bat. Euskarazko kantak nagusitzen dira baina gazteleraz eta ingelesez ere egingo dute oraingoan.
Abestien letrekin jarraituz, «aurrekoak baino landuagoak dira eta denetariko gaiak ukitzen dituzte baina gizarte gaietaz hitzegiten dutenak dira gehienak». Orain arte, «aldarrikapenik ez dugu egin abestiekin baina disko honek hortik izango du zerbait».
Horren adibide da diskoari izena ematen dion kanta, Hitz gatibuak: «Talde askok zentsura sufritu dute eta adierazpen askatasunaren aldeko oihu bat da abesti hori». Bestalde, tratu txarrak, boterea eta heriotza dira landutako gaiak.
Hurrengo datak
Nerbioak dantzan, herrian bertan estreineko kontzertua egingo dutelako, Ordiziakoaren ondoren Goierrin bertan talde hau entzuteko aukera gehiago ere izango da. Legazpiko Karibe Zahar tabernan izango dira, martxoaren 27an.