«Narkotrafikoa, ustelkeria bezala, gauza arrotz bat bezala tratatzen da Euskal Herrian»
'El narco oasis vasco' liburua idatzi eta gero, aurkezpen ugari egiten ari da Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoa. Urteotan bildutako informazioa jaso du Txalapartak argitaratutako liburuan. Egunotan Ordizian izan da.

Ikerkuntza kazetaria eta kriminologoa da Ahoztar Zelaieta (Bilbo, 1972). Atzo, Ordizian izan zen azken urteotako ikerketaren haritik idatzitako El narco oasis vasco liburua aurkezten. Liburuaren eta bere lanbidearen inguruan luze eta zabal aritu da.
Narkotrafikoa Euskal Herrian gaia ikertzen aritu zara.
Gaia ez zen arrotza niretzat, aurretik ere narkotrafikoaren gaia landua nuen. 1994an Ikerkuntza taldeak berak narkotrafikoaren inguruan egindako ikerketak irakurri eta neure ikerketa propioa ere egin nuen. Iturri sare bat osatzeko ere balio izan zidan.
Gerora, Ardi Beltza aldizkarian ere bazegoen atal berezi bat, narkotrafikoaren eta proxenetismoaren inguruan. Sail horretan eta ikerkuntza taldean kolaboratzen nuen.
Bestalde, kriminologo bezala, beste betaurreko batzuekin, irakurketa batzuk egitea tokatu zitzaidan. Beraz, narkotrafikoaren inguruan informazioa biltzen aritu naiz. Ez da atzoko kontu bat, urte mordoska neraman gai horren bueltan lanean.
Baina ikusi nuen azken urteotan ez zegoela Euskal Herriko narkotrafikoaren eboluzioaren inguruan ezer idatzita. Bazirudien itxitako kapitulua zela. Horrela, aintzinako iturri eta dokumentazio hori bildu, azken 10-15 urteotan narkotrafikoaren inguruan gertatutakoak bildu, testigantza gehiago jaso eta izotzezko bola bat bezala, handitzen eta handitzen joan da. Argitaratzeko materiala banuenez, hala etorri zen liburua.
Kontakizuna pertsonaia baten bidez egiten duzu.
Pertsonaia hori erreala da. Euskal narkotrafikoaren argazkirik ez genuen, narkoen izenak ezezagunak ziren, eta nolabait, totem batzuk zeuden Kolonbian, Italian, Estatu Batuetan, Mexikon, Galizian edo Andaluzian. Euskal Herrian narkotrafikoak izan duen eboluzioa kontatzeko, kontextu baten barruan dauden pertsonaia hoien bidez egin dut, modu horretan, irakurketa errazteko asmoarekin.
Pertsonaiak aurkezterakoan adibidez, ‘bilbaino’ hitza erabiltzen duzu horietako baten kasuan. Umore kutsua eman nahi diozu horrekin?
Umorea behar dut horrelako kaka mordo horri aurre egiteko.
Ironia puntu bat duen terminoa da. Euskal Herriari kritika egiteko modu bat ere bada hori, estereotipoak eztabaidan jartzeko. Bilbotarrek badugu Guggheim, San Mames eta badugu Italiako kortean printze bat. Jendeak, bizitza hain beltza ez denik pentsatzea ere nahi dut nolabait, liburuaren gaia bera, nahiko deprimentea baita. Ustelkeria politikoarekin ere berdin gertatzen zait, nire monologoetan, jendeak parre egiten du ironia erabiltzen dudalako.
Ildo bezala, bi iturri erabiltzen dituzu. Ertzain bat eta hanpako buru bat.
Legearen bi aldeetan dauden ikuspegiak erakutsi nahi izan ditut horrela. Nahiago dut jendearekin hitz egin, jendeaz hitz egitea baino. Irakurlearentzat osagarriagoa da hori. Euren iriz- pideez ere kutsatzen naiz horrela, euren ikuspegiaz eta nire ustez hori sanoa da. Biek deritzote, narkotrafikoa, ustelkeria bezala, Euskal Herrian gauza arrotz bat bezala tratatzen dela, eta tratamendu hori saihesteko aukera batzuk ematen dizkidate.
80ko hamarkadarekin alderatuz, gaur-gaurkoz fokua beste alde baterantz dagoela pentsa dezake jende askok.
Faktore asko daude. Hemen aitzindari batzuk egon dira. Pepe Rei bezala esaterako. Best seller ugari atera zituen eta herriz herri egindako ikerketak aurkeztu zituen. Gainera, saretuta egon zen. Hortxe zegoen Askagintza, eta beste batzuk. Eskolaz eskola kontsumoaren inguruan hitzaldiak ere ematen ziren.
Informe navajas bezala ezaguna izan zena mugarri bat izan zen. Gipuzkoako fiskal batek, Luis Navajas, txosten potolo bat egin zuen, eta desagertarazi zuten txosten hori. Euskal Herriko narkotrafikoaren inguruan zen. Konnibentziak zeuden, estatu aparatuekin eta baita ere Galiziako narkotrafikante totemizatuekin.
Baina azkeneko urteetan hutsune bat gelditu da, informazio hori zabaltzeaz arduratu direnak ez daudelako, eta hutsune hori ez da bete. Gainera, belaunaldi desberdinen artean transmisio lana ere falta izan dela esango nuke. Ez da komunikazioarik egon. Aintzinako gauza bat izango balitz bezala eman da. Altxamenduarekin gertatu bezala. Gainditutzat emanda zeuden gaiak dira eta orain ari da trasmisio lan hori egiten.
Bestalde, gaur egun arreta puntu pila bat daude eta horien arteko konpetentzia handia da. Batzutan, gainezka egiten digu, hainbeste gai daude gaur egun. Gainera, komunikazioaren birtualizazioa dago. Ematen du, klik bat eginez informazioa jasotzen dugula eta horrekin dena dakigula.
Haiei lekukoa hartuta liburuan jorratzen duzun gaiari heldu diozu, agian beste kazetaritza ‘errazago’ bat egiteko aukera ere izanda. Zer suposatzen dizu honek guztiak?
Nik ez nuke hori esango, sukaldari baten lana ere konplikatua baita. Jendea intoxikatu ahal du. Ikerkuntza kazetaritza egiten jende gutxi ari gara, eta behar bada horregatik nabarmentzen da. Duela urte batzuk, ikerkuntza taldeak zeuden, El Mundo eta Deia egunkarietan, eta beste egunkari askotan ere bai. Haien artean desberdintasun ideologiko nabarmenak egonda ere, harremana zuten eta elkarlana potentea zen. Ideia bateratu bat zegoen, botereak ezkutatu nahi zuena azalerazteko, denen arteko laguntza behar zen, nahiz eta gai batzuetan talkak ere egon, eta hori konpetentzia baztertu gabe.
Gaur egun ez dago ikerkuntza talderik, arrazoi politikoengatik gainera. Orain, motxila, kazetari batzuen gain dago. Medioak berak ez du indartzen kazetari horiek denbora izatea, edo elkarlana sustatzea. Horrek, gure lana konplikatu du.
Nik pertsonalki nola daramadan hori? Azken leiho-kutxa bihurtu naiz. Biktimek, alderdi politikoetara, sindikatu edo medio konbentzionaletara jotzen dute lehenik. Ikusten dutenean, egindako salaketak ez doazela aurrera, nigana jotzen dute. Alde batetik ondo dago, baina bestalde, frustrazio guztia heltzen da. Neurtu egin behar da.