Ordiziako eta Zaldibiako udalek nikel emisioen gaia "arduraz" jokatuz eta Ingurumen Sailari azalpenak eskatuz jarraituko dute
Kezka agertu dute bi herrietako alkateek azken datuen gainean, baina lasaitasun deia zabaldu dute herritarrentzat. Ingurumen Sailaren emaitzen berri jakiten azkenak izan direla ere gaineratu dute.

Ordiziako eta Zaldibiako lantegi banatatik ohiz kanpoko nikel emisioak atzeman direnean, bi herrietako udalek agerraldia egin dute gaur goizean, Gaintzako bidegurutzean. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak atzo zabaldu zuen nikel partikulen aireko kontzentrazioa altuegia zela, eta gaia “arduraz” jarraitzen ari direla adierazi dute Ordiziako alkate Adur Ezenarrok eta Zaldibiako alkate Eztitxu Mujikak.
Airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko eskumena jaurlaritzarena den arren, “ardura handia” dutela gaineratu dute, “gure herrietako biztanleen osasunari eragiten dieten gaia” delako. Hein berean, herritarrei lasaitasun mezua iritsarazi diete, eta Ingurumen Sailak eta emisioen fokutzat identifikatu dituzten bi enpresek hartuko dituzten neurriekin, nikel partikulen presentzia “nabarmen murriztuko” dela aurreratu dute.

Ordiziako udaleko Maitane Alvarez eta Adur Ezenarro, eta Zaldibiako Eztitxu Mujika eta Mikel Luloaga, gaurko agerraldian./Aimar Maiz
Gaia atzo atera zen publikoki. Hain justu, bi herrietako udal ordezkariek Gasteizen bilera egin zuten Ingurumen Saileko Elena Moreno sailburuordearekin. “Oraindik Lakuatik irten gabe geundela, sareetan berria zabaldu zen dagoeneko. Beraz, herritarrek eta udal ordezkariok une berean jaso genuen informazioa”, deitoratu dute. Zaldibiako Udalak, jaurlaritza burutzen ari den ikerketaren lehen emaitzak atzo bertan ezagutu zituela ere gehitu du alkateak.
Agerraldian, gaiaren jarraipena egiten jarraituko dutela agindu dute udalek. “Erantzunak Ingurumen Sailak eman behar ditu, eta azalpenak eskatzen jarraituko dugu”.
Gertakarien kontakizun bat ere egin dute bi udalburuek. Nikel emisioek “onartutako kopuruak gainditzen” zituztela 2016an jabetu zen jaurlaritza, INMA proiektuko neurketetan azaldu baitzen. Une jakin batzuetako “goraldiak” direla ziurtatu dute emaitzek. Aldiz, nikelaren gehiegizko kopuruagatik giza osasunean arazoak “urtetako esposizio luzeagatik soilik” gerta litezkeela diote.
Emisio altuegiagatik lehen alerta, 2016an
2016ko emisio altuen ondotik, “neurriak” hartu ziren. “Ekoizpen prozesuetan aurreikusten ez ziren isurketak dira. Enpresek hasieratik hartu dituzte ezarritako neurriak. Ez dira legez kanpoko isurketak izan, eta ekoizpen prozesuetan aurreikusten ez ziren isurketak izan dira”. Alegia, nikel emisioak eguratsera isurtzen ari zirenik ere ez zekiten enpresek, metalen urtze prozesuan bertan isolatzen baitzen nikel metal astun hori, lehengaitzat nikela erabiltzen ez zuten arren. Horrek, isurpenen zabalkundea geografikoki heda dezake, antzeko jarduera duten industria guztietara.
Hasierako neurri haiek emaitza positiboa izan zuten arren —aire kalitatearen emaitzak hobetu ziren—, 2018 bukaeran berriro datu altuak atera ziren neurketetan. Orduan, neurketa eta ikerketa xeheagoa hasi zuen Ingurumen Sailak. INMA proiektuko neurgailu finkoez gain, Zaldibian bi furgonetatan kokatu zituzten detekzio sistemak: Lardizabal eskola aurrean eta Gaintzako bidegurutzea. Ikerketaren fase hori aurtengo urtarrilera arte burutzekoa zen, printzipioz, jaurlaritza.

Aireko nikel emisioaren fokua kokatzeko, jaurlaritzak neurketak indartu ditu, Zaldibian bi unitate mugikor jarrita. Eskola aurrekoa./Zaldibia.org
Jaurlaritzako Osasun Publikoko ordezkariekin eta INMA proiektuko teknikariekin irailean eta urrian elkartu zen Ordiziako Udala. “Helburua, nikelaren egoerak herritarren osasunean izan ditzakeen eraginak ezagutzea zen. Adierazi zitzaigun egoera ez zela onargarria, eta horregatik eskatu zuten neurriak hartzeko. Baina gaia konpontzeko bidean jarriz gero, eraginak saihestu genitzakeela ere esan ziguten”, esan du Adur Ezenarrok. Osasunerako arriskua, nikelaren “esposizio etengabeak eta jarraituak” duela berretsi du.
“Hartutako neurriekin, nikel presentzia nabarmen murriztuko da”
Atzo udalek eta jaurlaritzak egindako bileran –oraingoz azkena–, nikel emisioen iturri den beste foku baten berri eman zuen Ingurumen Sailak, prentsa-oharrean ere ageri dena: Zaldibian kokatutako enpresa bat da, bestea Ordizian dago. Izenik ez dute jakinarazi, baina “dagoeneko neurriak hartu” direla gaineratu dute udalek ere. Berriro errepikatu dute, isurketa horiek gerta zitezkeenik ere ez zutela aurreikusten beren fabrikazio prozesuetan.
“Bi udaletatik lasaitasun mezua helarazten diegu herritarrei. Isurketa iturriak ezagututa, hartutako neurriekin eta hartuko direnekin, airean dauden nikel partikulen presentzia nabarmen murriztuko dela aurreikusten du Ingurumen Sailak. Hala ere, arduraz jarraituko dugu gaia, eta hartutako neurrien emaitzak ezagutu arte Ingurumen Sailari azalpenak eskatzen jarraituko dute”, esan dute Ordiziako eta Zaldibiako alkateek.

Gaintzako bidegurutzean jaurlaritzak daukan bigarren neurketa-unitatea./Aimar Maiz