Paleta Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Legazpin
Urbeltz pilotalekuan da hitzordua 10:00etan. Adimen urritasuna duten kirolariei zuzendutako txapelketak hamargarren edizioa du aurten

Legazpiko Urbeltz pilotalekuak adimen urritasuna duten kirolariei zuzendutako Pilota Egokituko X Paleta Txapelketaren bigarren jardunaldia hartuko du bihar, 10:00etatik aurrera. Atzo eman zuten jardunaldi horren berri Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kirol teknikari Jurgi Olasagastik eta Iñigo Imaz Legazpiko kirol zinegotziak.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak elkarlanean antolatu dute inklusioa ardatz duen txapelketa. Bertan, adimen urritasuna duten 19 urtetik 40 urtera bitarteko 15 kirolari -4 emakume eta 11 gizon- ari dira parte hartzen buruz buru, paleta egokituko modalitatean, teniseko pilotarekin.
Liga Zestoan hasi zen joan den asteburuan, biharkoa bigarren jardunaldia izango da. Partidak 10:00etan hasi eta 13:00ak inguruan amaituko dira. Pilotariak hiru multzotan daude banatuta, aurreko denboraldian lortutako sailkapenaren arabera: multzo urdinean hiru kirolari ari dira, eta partidak 10 tantora dira; zurian bost pilotari, eta partidak zortzi tantora dira; eta gorrian zazpi, eta partidak sei tantora.´