Argi-Berrin, hordago berriz
Argi-Berri elkartearen 43. mus txapelketak iazko partaidetza berdindu du: 136 bikote ari dira jokoan. Zabalkunde ikusgarria lortu du lehiaketak, Euskal Herrian barrena.
Ordiziako Argi-Berri elkartean urteko egun seinalatuenetakoa dute, gaur. Bisitari gehien jasotzen dituztena, ziur baietz. 43. aldiz, mus txapelketa ari dira jokatzen. Beste behin, dei-gaitasun aparta eta muslariak elkartzeko erakarmen indarra badutela erakutsi dute. 136 bikotek eman dute izena, iazko kopuru berberak. “135 eta erdi”, zehaztu dute antolatzaileek, muslari bat bakarrik azaldu baita. Aurkitu du laguna.
Urdaneta eskolako aretoetan kontzentratuta eta serio hasi dira jokatzen. Antolakuntza zorrotza izan ohi du lehiaketak, eta aurten ere ez da gutxiagorako. Kanporaketak jokatu ahala, galtzailea kalera, irabazleak aurrerako. Elkarteko beste kide batzuek jarritako eta hornitutako tabernan tragoxka batzuk jo bitartean, noski.
136 bikoteen artean, ugarienak Ordiziakoak dira: 23. Lazkao da ondoren harrobi emaritsuena, 11 bikoterekin. Tolosatik 7 bikote, Beasaindik 6, Zaldibiatik 5, Etxarri Aranaztik 4… Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik inguratu dira jokalariak, gaur ere. Iruñea, Leitza, Bakaiku, Lakuntza… Nafarroatik; Ea, Ispaster eta Elorrio Bizkaitik; Agurain eta Gasteiz Arabatik; eta Gipuzkoako eskualde gehientsuenetatik.
Goierrikoak ere ez dira etxean geratu: 13 herritako ordezkaritza bazen bertakoa.
Historia aspaldi hasi zuen Argi-Berriko musak. “Hasieran herri mailakoa izaten zen mus lehiaketa hau. Pixkanaka, Goierri guztiko jendea hasi zen etortzen gero. Azkenen, asko zabaldu da, eta toki askotakoak etortzen dira. Noski, lehen zabalkundea ere ez zitzaion orain bezainbestekoa ematen”, azaldu du Argi-Berriko Lasa apuntadoreak.