Atauniker elkarteak 15 urte bete ditu Ataungo ondarea "jasotzen, gordetzen eta zabaltzen"
Kultur elkarte bezala 2005ean sortu zuten, eta ehunka ekitaldia, hitzaldi, emanaldi eta bisita gidatu antolatu ditu harrezkero. Dosier batean bildu dituzte urtez urte egindako ekimenak.
Ataungo ondare materiala eta immateriala “jaso, gorde eta zabaldu”. Horixe du goiburu eta egiteko Atauniker kultur elkarteak. 15 urte bete ditu, eta orain arteko egindakoen zerrenda luzea dosier batean bildu dute. Kulturgintzan jarduteko asmo betea dute etorkizunean ere. Bazkide izan nahi duten guztiei deialdia ireki diete (atauniker.org).
2004an hasi arren, ofizialki hurrengo urtean eratu zuten kultur elkarte bezala Atauniker. Argazki zaharrak biltzea eta ahozko ondare etnografikoa biltzeko grabazioak egitea hartu zituen hasieratik lantzat. Ataunekin zerikusia duen oro jaso dute, azken batean. Hasi herrian antolatzen diren ekitaldien karteletatik, eta munduan zehar diziplina askotan dabiltzan ataundarren eta ondorengoen jakintza ekartzeraino. Iaz, esate baterako, 15 herritar izan ziren mahai-inguruetan parte hartzen Hamabost urteotan, berriz, denera 110 aditu gonbidatu dituzte (18 ataundarrak).
“Uste dugu, kulturgintza oinarrizkoa dela edozein herriren eraikuntzan eta horretan jarri nahi dugu geure aletxoa”, aitortu dute Ataunikerrekoek 2004-2019 arteko jardueraren txostenean. “Ataungo etxe eta baserrietan ustezko balio handirik gabe paper, eskela, doktrina, liburu, argazki, kartel, egutegi, gutun … bada oraindik, alferrik betiko gal daitezkeenak. Gorde ondo eta nahi izanez gero, jakinarazi iezaguzue, hobe gorderik egon daitezen, ataundarron oroimena aberasten joan dadin”.
Urtero hitzaldiak, irteerak, emanaldiak eta bestelakoak antolatzeaz gain —bere kabuz edo herriko beste eragile eta elkarteekin batera, oroimen historikoaren zikloan bezala, kasu—, Atauniker 2014an Ataunen bisita gidatuak eskaintzen ere hasi zen, plaza ingurua, eliza eta organo barrokoa erakutsiz hasieran, eta Barandiaran Museoarekin lankidetzan ondoren. Azken herri bisitak ostiralean (Joxemiel Barandiaran eskolako LH6ko taldearekin) eta gaur (txiletar talde batekin) egin ditu. Ostegunean, Marronek ekoitzitako Kaxkagorri artzainaren dokumental emanaldia izan zen.
2020rako, erakusketak, hitzaldiak eta ibilaldi bat egiteko asmoa duela aurreratu du Ataunikerrek.