Gipuzkoako Eskolarteko nesken binakako pilota finalak Zaldibian jokatu dituzte
Haurren Eskolarteko pilota txapelketak Resti pilotalekuan ari dira gaur erabakitzen. Nesken binakako Gipuzkoako txapelketak dira, alebin eta infantil mailetan.
Nesken kirola pilota munduan sustatzeko beste ahalegin bat egin dute gaur Zaldibian. Eskolarteko Gipuzkoako binakako pilota txapelketaren finalak jokatu dituzte, alebin eta infantil mailetan. Resti pilotalekua bitan banatu, eta lehenengo alebinak lehiatu dira. Hamabi minutuko partidak jokatu dituzte denek, eta zeinek emaitza handiena lortu, hura onena.
Zazpi bikote aritu dira alebin mailan: Aduna, Antigua, Bergara, Igeldo, Jakintza A, Jakintza B (Ordizia), Urdaneta (Ordizia), Villabona eta Zaldibia. Lau bikote goierritarretatik bat sartu da finalean, Zaldibiakoa bertakoa hain zuzen. Alebinetako Gipuzkoako txapeldun Adunako Iara eta Sara suertatu dira, Lizar eta Liden zaldibiarrei 12 eta 8 irabazita.
Bigarren sailean, infantilak aritu dira. Hiru bikotek jokatu dute azkenean, iragarritako bi ez baitira agertu. Txapela bat Zaldibian geratu da, Itoitzek jantzi baitu, Antiguoko Ilhun lagun zuela. Bigarren Eskoriatzako Uxue eta Udane geratu dira, eta hirugarren lekuan Lezoko bikotea.