Imanolen omenezko Beasaingo kontzertua ezin izan da egin, arazo teknikoengatik
Soinu ekipoak ez zuelako funtzionatzen, atean geratu behar izan dute Usurbe antzokira joan diren berrehun bat lagunek. Imanol Jazz proiektuko musikariek deitoratu dutenez, entzuleek ez zuten nahiko esplikaziorik jaso aretoaren partetik.
Imanol Lartzabal musikari zena oroitzeko Imanol bihotzean kontzertu berezia egitekoa zen, atzo gauean, Beasaingo Usurbe arazoan. Baina azken unean bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia, soinu ekipoarekin arazoak suertatu zirelako eta musika-emankizuna behar bezalako baldintzetan ezin zelako eskaini. Kontzertua ematekoak ziren musikarietako batek, Karlos Gimenez piano jotzaile beasaindarrak eta Imanolen oso hurreko kolaboratzaile izan zenak, sare sozialetan eman du berri.
Guztia prest zen kontzerturako: aretoa, musikariak eta entzuleak kalean, ilaran noiz sartuko zain. “Antzokira gerturatu ginen soinu probekin hasteko asmoz. Gauza teknikoak atzeratzen ari ziren eta beranduago hasi ginen. Zenbait gauza gaizki zeudela nabarmen geratu zen segituan”, azaldu du Gimenezek. Mikrofoniarekin izan zituzten lehenengo oztopoak.
Kontzertua bertan behera zergatik utzi zen esplikazio luzea eman du musikariak. “Probak eta probak egin ondoren, soinuaren ekipoak ez zuela funtzionatzen argi eta garbi geratu zen. Eta, jakina, publikoari zor zaion errespetua kontuan izanik, konponbide bakarra emanaldia bertan behera uztea izan zen”.
Usurberen atarian, aretora sartzeko berrehun lagun baino gehiago zeuden, eta haiei emandako argibidea laburregi geratu izana deitoratu dute musikariek eurek: “‘Arazo teknikoengatik bertan behera uzten da’ izan zen jaso zuten adierazpen bakarra”.
Egoera horren aurrean, “tristura” agertu du Karlos Gimenez, bai bere izenean, bai Imanol Jazz emanaldiak parte hartzekoak ziren Ainara Ortega, Petti eta Iñaki Salvador musikarien izenean ere. “Hainbeste pertsona, plana eginda, kalean gelditzea… eta gu kontzertu honetarako konpromisoa hartuta eta gure ilusio osoarekin gure onena ematera joanda… benetan tristea”, gehitu du.
Talde artistikoaren eskuetatik kanpora zegoela ardura guztia argitu du. “Gure aldetik dena prest zegoen, osteguneko azken entseguan musika martxan zegoen”, zehaztu du. Sarrerak erosi eta Usurbera hurbildu zirenei eskerrak eman dizkie. Imanol Lartzabalekin ere oroitu da: “Imanol, zuretzat izatea nahi genuen, baina ezinezkoa suertatu zen”.