Emakumea Pilotari egitasmoaren lehen urratsak
Ataunek eta beste bederatzi udalerrik Emakumea Pilotari egitasmoa jarri zuten martxan, Gipuzkoako federazioarekin batera. Espainiako Poliziak Anitz Eskisabel lazkaotarra atxilotu zuen. Eta Beasainen, kirol elkartearen 100. urtemuga ospatzen ari ziren.

Kirol arloan ere, oraindik asko dago egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunera iristeko bidean. Azken 15 urteetan, ordea, aurrerapauso ugari eman dira. Gaur hamabost urte, egitasmo horietako baten berri eman zuen Goierriko Hitzak. Izan ere, Ataungo Udalak, beste bederatzi herrirekin eta Gipuzkoako Pilota Federazioarekin batera, Emakumea Pilotari egitasmoa jarri zuen martxan. Pako Urrestarazu Ataungo Auzoeta kiroldegiko arduradunak, Ataunen ez ezik, aurrera begira Goierriko beste herrietan ere zabaltzeko asmoa agertu zuen.
Politika arloan, atxiloketa kontuak ere bai. Espainiako Poliziak Anitz Eskisabel lazkaotarra atxilotu zuen, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Hego Euskal Herrian, Valentzian eta Andaluzian egindako operazioan, beste 13 lagun ere atzeman zituzten, ETAren informazio, kaptazio eta laguntza egiturako kide izatea leporatuta. Lazkaon, ezohiko bilkura egin zuen udalbatzak biharamunean, eta Areria taldeak atxiloketa salatzeko mozioa aurkeztu zuen; ez zen adostasunik egon, hala ere, eta EAJk eta EAk aurkeztutako beste mozio bat onartu zuten. Bestalde, Juan Mari Insausti preso politiko beasaindarra estraditatu zuen Frantziak, eta Espainiaren esku utzi ondoren, Soto del Realen sartu zuten preso.
Beasainen, kirol elkartearen 100. urtemuga ospatzen hasiak ziren, eta mendeurrenaren errepasoa egiten duen erakusketa jarri berria zuten ikusgai, Usurbe Antzokian.