Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, apirilaren 5ean
Hala iragarri berri du Iñigo Urkullu lehendakariak. Aste honetan bertan desegin beharko dute Legebiltzarra.

Zurrumurruak baziren, eta baieztatu egin ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur arratsaldean Gasteizen egindako agerraldian. Udazkenean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratu egingo dituzte, eta data berria ere eman du: apirilaren 5a. Horrenbestez, berehala desegin beharko dute legebiltzarra; legezko epeak betzeko, beranduenez bihar argitaratu beharko lukete deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Urkulluk azaldu du “egungo egoeraren analisi sakon eta partekatua” egin ondoren eta “euskal gizartearen onerako” hartu duela erabakia. Izan ere, herritarrei “zortzi hilabeteko etengabeko kanpaina” aurreztu nahi diela esan du, bi hilabetera murriztuz. Izan ere, lehendakariaren ustez “Euskadin hauteskunde klima” ezarri da dagoeneko, eta “Eusko Legebiltzarrean hasitako dinamikak martxan dauden proiektu eta lege proposamenak onartzea oso zail” egingo duela uste du. Azkenik, hauteskundeak aurreratuta Euskadik “datozen urteetan aurre egin beharreko etorkizuneko erronka estrategikoei erantzun bat emango dioten erabakiak ziurtasunez eta kontsentsuaren bidetik hartzeko denbora” irabaziko duela azaldu du.
Azkenekoz, 2016ko irailaren 25ean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak.