Barkamena eskatu du udalak Imanol Jazz taldearen kontzertuan izandako arazoengatik
Udala kontzertua egiteko data berri baten bila dabil, nahiz eta oraindik ezin izan duten zehaztu. Soinu arazoak berriz ez errepikatzeko lanetan ere badabiltza.
Beasaingo Udalak barkamena eskatu diete Imanol Jazz taldea entzuteko sarrerak zituzten eta atean gelditu behar izan zuten entzule guztiei. Sarreren kostua bueltan itzuliko zaiela argitu du udalak. Era berea, taldeko Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, Ainara Ortega eta Petti musikariei ere nahigabea adierazi diete. “Kontzertua kalitatez eta profesionaltasunez eskaintzeko ahalegin guztiak egin arren ez zen posible izan eta barkamena eskatzeaz gain jarritako borondatea eskertzekoa da”, azpimarratu dute udaletik.
Antolatzaileek iragarri dute lanean ari direla soinu arazoak berriz ere errepika ez daitezen, eta Imanol Jazz taldeak Beasainen joko duela zin egin dute. Halere, oraindik ez dute data berririk iragarri.












