Ahozkotasuna ikasgelan lantzen
Ikastolen Elkarteak ahozkotasuna lantzeko proiektua jarri zuen martxan, eta Goierrin duela 15 urte hasi ziren aurreneko saioak egiten. Idiazabalen Bikabiko zubia konpontzen ari ziren, eta Urretxun, kiroldegiko teilatua konpontzeko laguntza iragarri zuen aldundiak.
Ahozkotasuna ikasgelatik lantzen hasteko proiektua jarri zuen martxan Ikastolen Elkarteak, eta Goierrin hasiak ziren aurreneko probak egiten. Ordiziako Jakintza ikastolan, esaterako, ahozko komunikazioa eta bere baliabideak lantzen ari ziren. Mikele Iztueta irakaslearen hitzetan, “orain arte hizkuntza idatziari eman bazaio lehentasuna, orain ahozkotasuna da ardatza”. Lanketa hori ikasgai guztietara zabaldu zuten, “ez bakarrik euskarako klaseetara”. Hizkuntzaren kalitateari eta zuzentasunari garrantzia ematen jarraitzen zuten, baina arreta, batez ere, erabileran jarrita.
Idiazabalen, Herri Eskola sortu zeneko 25. urteurrena beteko zuten 2005-06 ikasturtean, eta hura iragartzeko logo lehiaketa jarri zuten martxan. Azpiegitura arloan, Bikabiko zubia zaharberritzeko lanetan ari ziren; denbora gutxian berritutako hirugarren zubia zela jaso zuen garaiko kronikak, Toki Txokoren eta plazako zubiaren ondotik.
Fernando Tapia Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako diputatua Urretxun izan zen bisitan. Kiroldegian egindako berrikuntzak ezagutu ziten, eta aldundiak 240.000 euroko laguntza emango zuela iragarri zuen. Izan ere, urtebete lehenago erori egin zen kiroldegiko teilatua, eta udalak 452.000 euroko inbertsioa egin behar izan zuen, arazoak konpondu eta teilatu berria egiteko.