Geroako bazkideek ez dietela dirua ateratzen uzten salatu dute
Pentsio plan horretan 45.120 euro baino gehiago dituztenek ezin dute dirua atera eta kopuru hori baino gutxiago dutenek bai. Kaltetuek plataforma bat sortu dute
Patronalak eta sindikatuek adostutako pentsio plan bat da Geroa. Gipuzkoako 110.000 langile inguruk dute pentsio plan hau. Talde batek urteetan zehar aurreztutako dirua ez dietela ateratzen uzten salatu du. Kaltetuen artean goierritarrak ere badaude.
Horietako bi Jose Manuel Garcia urretxuarra eta Zumarragan bizi den Iñaki Ruiz de Egilaz legazpiarra dira. Jose Mari Lazkano zarauztarrarekin batera, arazoaren berri eman diote GOIERRIKO HITZAri. Lazkanok 67 urte ditu eta Elgoibarko enpresa batean lan egin zuen. Garciak 65 urte ditu, Sidenorren lan egin du, lau urte daramatza aurrejubilatuta eta martxoan hartuko du erretiroa. Ruiz de Egilazek 59 urte ditu eta duela urtebete ezgaitasuna eman zioten.
Geroa 1996an sortu zen, metalaren hitzarmenaren barruan. Hitzarmen hura Adegik eta ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten. «Hitzarmen haren arabera, ordutik langileok gure soldataren portzentaia bat Geroari eman diogu. Enpresek ere kopuru bat ematen diote. Helburua pentsioak osatzea zen. Izan ere, ordurako pentsioak geroz eta txikiagoak izango zirela esaten zen. Behartuta eta informazio gutxirekin onartu behar izan genuen», azaldu du Lazkanok. Hasieran soldataren %1,5 ematen zioten Geroari eta egun %2,6 inguru.
Diskriminazioa
Lazkanok Geroan zuen dirua beste plan batera pasatzea erabaki zuen eta ezetz esan zioten. «Geroan 42.000 euro baino gehiago ditudanez (orain muga 45.120 euroan dago), halakorik ezin dudala egin esan zidaten. Horretaz gain, ezin nuela dirua atera esan zidaten. Ez nuen horren berri. 24 urtetan urtero 180 euro pasatxo jasotzea proposatu zidaten. Adarra jotzen ari zitzaizkidala iruditu zitzaidan. Adegikoekin, sindikatuekin… hitz egin nuen eta denek berbera esan zidaten. Zergatik ez diozu dirua Gizarte Segurantzari eskatzen?, esan zidan Adegikoak. Geroako kudeatzaileak, berriz, likidezia arazorik ez dutela esan zidan. Argumenturik ez zutela ikusita, beste batzuekin batera kaltetuen plataforma sortzea erabaki nuen».
Geroako gainontzeko bazkideei arazoaren berri eman zieten eta komunikabideekin harremanetan jarri ziren. Diskriminazioa salatu dute. «Nola daiteke 45.120 eurotik beherakoek dirua atera ahal izatea eta 45.120tik gorakoek ez? Hori diskriminazioa da. Geroan diru gehiago badut, lanean urte gehiago egin ditudalako edo soldata hobea izan dudalako da», aipatu du.
Ez diete «diskriminazio» horren arrazoien berri eman. «Pentsioa osatzera behartu gaituzte eta gainera ez digute dirua ateratzen uzten. Zergatik ezin dut dirua atera? Zergatik kobratu behar dut 24 urtetan?», gehitu du Lazkanok.
Geroa oso errentagarria dela entzuteak amorrua ematen die. «Geroa errentagarria izateak eta enpresei laguntza emateak asko pozten gaitu, baina dirua gurea da. Urte hauetan guztietan gure diruarekin nahi dutena egin dute eta orain ezin dugu atera. Gainontzeko bazkideen betebehar berberak ditugu, baina eskubide gutxiago ditugu. 41.900 euro dituenak nahi duena egin dezake eta guk ez. Arduradun batek diru hori ez dela auto bat erosteko esan zuen. Diru hori gurea da eta nahi dugunerako erabiltzeko eskubidea dugu!», aldarrikatu du.
Susmo ezberdinak dituzte. «Beharbada dirua nonbaiten inbertitu dute eta ezin dute mugitu. Esan diezagutela!». Plataforman 1.100 lagun baino gehiago daude jada. «Emazteak eta nik ezin dugu dirua atera. Dirua seme-alabek atera ahal izango dute hiltzen garenean. Ezkongabe bat hil denean, Geroak ez dio inori abisatu. Non dago diru hori?», gehitu du.
Baikor
Lazkano baikor ageri da. «Borondate kontua da, baina gai delikatua da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Bizkaian eta Araban ere Geroa moduko bat sortu nahi du. Gainera, Geroak sekulako ondarea du: 2.100 milioi euro baino gehiago. Baina jende gehienak dirua atera nahi du eta dirua berea da».
Kaltetuek bilera bat egin zuten asteburuan Tolosan eta dagoeneko komunikabide ezberdinetan azaldu dira. «Nire aitak gauzak hasi eta bukatu egin behar direla esaten zuen eta horixe nahi dugu. Ez dugu kontu hau luzatzea nahi. Ez dugu epaitegietara jo nahi. Asko dagoeneko adinean aurrera goaz eta ez dugu gaia luzatu nahi. Sindikatuei ere ez zaie komeni, oso propaganda txarra baita», azaldu du Lazkanok.