Kaldereroen festa, aste osokoa
Gaurtik hasita, aste osorako egitaraurekin iritsi dira kaldereroak Ordiziara. Errondailak, saskibaloi taldeak, Jai Alai pilota taldeak eta mendizaleek jasoko dute Urrezko Zozomikotea. Larunbata izango da egun nagusia.
Inauterien atarian, kaldereroen festa ospatzeko guztia prest dute Ordizian. Zozomikote bihurria, Hartza eta Lamia, festaren pertsonaiek, herritarrekin batera kaleak girotuko dituzte, beste behin ere. Larunbata izango da egun handia, baina atzotik hasita, eta aste osoan zehar, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte, festa horren bueltan. Xehetasun guztiak eman dituztekaldereroen antolakuntza lanetan aritu diren herritarrak eta Ordiziako Udalak.
Azken urteetan, kaldereroen festa berreskuratzeko lanean ari dira Ordizian. Lander Mujika Ordiziako udaleko kultura zinegotzia oso eskertuta agertu da ekitaldi sorta antolatzeko parte hartu duten herritarrek egindako lan handiagatik. Erramun Amundarain Kaldereroen Konpartsako kideak gehitu du, helburua «Kaldereroak ordiziarren festa bihurtzea» dela.
Herriko eragileen lana omentzeko ere baliatu ohi dute festa. Lau dira aitortza hori jasoko dutenak: Laguntasuna Errondaila, Ordiziako Saskibaloi Taldea, Jai Alai Pilota Elkartea, eta Mendizaleen Elkartea. Urrezko Zozomikotea jasoko dute.
Egitarau zabala
Egitarauari begiratu eta ekintza ugari antolatu dituzte. Larunbateko festa handia girotze aldera, zozomipoteoak egingo dituzte gaur eta bihar. Ostiralean berriz, musikaz alaituko dituzte kaleak Umore Ona abesbatzak, Laguntasuna Errondailak, Antxon Imazek eta Jose Ignacio Iturriozek. Eta larunbatean, egun osoko festa egingo dute, ohiko kalejira eta guzti.
Bestalde, atzotik larunbatera, Ordizian elkarteak antolatuta, Dendaz denda Zozomikotearen bila ekimena egingo dute. Zozomikotearen irudia Ordizian elkarteko saltoki bateko erakusleihoan egongo da. Aurkitzen duten pertsonen artean, bi lagunentzako afaria zozkatuko da. Horretarako, txartel bat bete beharko da eta ondoren Ordizian elkartearen bulegoan jarrita dagoen kutxan bota beharko da. Zozketa, otsaileran 18an egingo dute.
Ordiziako Kaldereroak
Gaur
· 18:30. Zozomipoteoa auzoetan.Bihar, asteazkena
· 19:00. Zozomipoteoa herriguneko tabernetan.
Ostirala
· 19:00. Kalejira Ordiziako Musika Eskolako banda txikiarekin eta Azen Erraldoi Konpartsarekin. Nikolas Lekuona plazatik abiatuko dira eta Plaza Nagusian amaituko dute.Larunbata
· 13:00. Kalderero paseoa herriguneko kaleetan barrena, Umore Ona abesbatzarekin, Laguntasuna Errondailarekin, Antxon Imazekin eta Jose Ignacio Iturriozekin.
· 16:30. Zozomikotearen kanpamendua, Plaza Nagusian. Gerturatzen diren herritarrek festaren pertsonaiekin argazkiak atera ahal izango dituzte.
· 18:00. Suziriaren jaurtiketa eta Zozomikote txikiaren pregoia, Urrup antzerki taldearekin, Nikolas Lekuona plazan. Ondoren, haur eta helduen kalejira, Kale Nagusitik Plaza Nagusira eta Zozomikotearen atxiloketa. Amaitzeko, festa bukaerako erretreta, Urrup antzerki taldearen ikuskizuna eta Zozomipoteoa eta txokolate jana, Plaza Nagusian.