Lokal hutsak berrerabiltzeko diru laguntzak eskatu litezke jada
Jose Migel Iturriotz kaleko lokalek lehentasuna izango dute, bertan baitaude lokal huts gehienak. Udalak lokaletako erakusleihoak biniloekin apainduko ditu kaleak alaitzeko
Beasaingo Udalak lokal hutsak berrerabiltzeko diru laguntzen deialdia zabaldu du. Asmoa «Beasaingo merkataritza biziberritzea eta indartzea» da, udaletik bertatik adierazi dutenez. Itxita dauden lokalak erosteko zein alokatzeko eta martxan dagoen negozio bat eskualdatzeko laguntzak eskainiko ditu, zehazki.
Hutsik dagoen lokala alokatzeko alokairuaren kostuaren %50a ordaintzeko diru laguntza eskaintzen du udalak lehen urtean, betiere, gehienez 300 eurokoa denean kostua. Bigarren eta hirugarren urteetan, aldiz, laguntza %40koa izango da; lokala erosteko eta martxan dagoen negozio bat eskualdatzeko diru laguntzak berdinak izango dira, 2.000 eurokoak izango dira lehen hiru urteetan banatuta.
Jose Migel Iturriotz kaleko lokalek izango dute lehentasuna diru laguntzak jasotzeko. Izan ere, lokal hutsik gehienak kale horretan pilatzen dira. Kale luzea ere bada, baina 45 lokaletatik hamasei hutsik daude; hau da, hirutik bat. Askok urteak daramatzate itxita, gainera, herriko merkataritzak pairatzen duen egoera gogorraren erakusgarri. Beasaingo Udalak espero du diru laguntzen bidez hasierako presio ekonomikoa murriztea.
Biniloak erakusleihoetan
Lokal hutsek eragiten duten paisaia urbanistiko tristea iraultzeko asmotan, udalak biniloak jarriko ditu erakusleihoetan. Nagusiki, Jose Migel Iturriotz eta Kale Nagusiko erakusleihoak apainduko dituzte. «Lokal hutsak apaintzeko lanei esker, itxita dauden lokal guztiak identifikatu ditzakegu», adierazi dute udaletik. «Gainera, behin apainduta, ikusgarriagoak bihurtuko dira eta modu horretara haien berreskurapena errazagoa izango da». Kaleak alaituta, zabalik dauden saltokien salmentak ere hobetzea espero du udalak, jendeak errazago kontsumitzen baitu inguru atseginean. Merkataritza txikia barne ekonomiaren zutabeetako bat da.