Nikel metalaren aireko isuriek kezka eragin dute Ordizian eta Zaldibian
Bi industriatatik «aurreikusi gabeko» emisioak izan dira, 2016an lehenik eta 2018an berriz. Jaurlaritzako Ingurumen Saila neurketak egiten ari da; bi udalek ardura agertu dute
Goierriko eremu batean nikel metalaren aireko kontzentrazio handiegia atzeman du Eusko Jaurlaritzak. Isurien sortzaileak identifikatzeko lana 2016an hasi zuen, Ordizian airean «nikel maila handiak» detektatu ondoren. Neurriak harrarazi zizkion orduan herriko enpresa bati. Baina neurketak bikoiztu beharra izan zen iaz, lehen unean nikel maila jaitsi baldin bazen ere, berriro zenbaki kezkagarrietara igoa baitzen. Zaldibian atzeman dute bigarren emisio fokua, bigarren enpresa batean. Ez dute haien izenik zabaldu.
Biodonostia osasun ikerketa institutuak iazko ekainean ateratako hiruhileko txostenaren arabera, PM2,5 motako partikulei asoziatutako nikel maila altuena 2019ko otsailean neurtu zen Ordizian: 82,15 nanogramo metro kubo aireko, hilekoa batez beste (hilaren 7an 298 nanogramo). Europako Batasuneko aire-kalitate zuzentarauak PM10 neurriko partikulentzat 20 ng/m3-ko muga ezartzen du, gehienez; konbertsio kalkulua eginda, PM2,5ekoentzat 10,19 da muga.
«Arduraz» jarraipena
Kezka eragin du azken egunotan nikel emisioen gaiak, Ingurumen Sailak berak lehengo ostegunean bi enpresari neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri zizkiela iragarri zuenetik. Bi herrietako udal ordezkariekin bilera egin zuen goiz berean Ingurumen sailburuorde Elena Morenok, emaitzak emateko. Kexu agertu ziren biharamunean bi alkateak, «Lakuatik irten baino lehen, berria zabaldu» zuelako jaurlaritzak. «Herritarrek eta udal ordezkariek une berean jaso genuen informazioa».
Ordiziako alkate Adur Ezenarrok eta Zaldibiako alkate Eztitxu Mujikak argitu dute erantzunak Ingurumen Sailak eman behar dituela, harena delako aire kalitatearen eskumena. Baina gaia «arduraz» hartu dute, eta jaurlaritzari azalpenak eskatzen jarraituko dutela gehitu dute.
Nikel emisioak aurrez espero gabeak eta enpresek eurek ere ez zekitenak zirela adierazi dute, «metalen eraldaketa prozesuan bertan sortua baita». Bai Ingurumen Sailak, bai udalek, ziurtatu dute enpresek lege betekizunak betetzen dituztela, eta neurri berriak «eskatu zaizkien lehen unetik» hartu dituztela; iragazkiak jartzea, adibidez. Ekoizpena ere «doitu» du, bere aldetik, identifikatutako lantegi batek.
Lasaitasun mezua zabaldu diete erakundeek herritarrei, aireko nikel partikulen presentzia «nabarmen murriztuko» delako hartu diren neurriekin.













