Denak bat, ingurumenaren alde
Goierri garaiko udalek, Uggasa garapen agentziak, UGLE lanbide eskolak, ikastetxeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Energia Planak 2019an emandako fruituak aurkeztu dituzte.
Klima aldaketa mundu mailako erronka da eta denon konpromisoa behar da arazoari aurre egiteko. Goierri garaian argi ikusi dute eta Energia Planean lau udalek, ikastetxeek, Uggasa garapen agentziak, UGLE lanbide eskolak eta aldundiak bat egin dute. Atzo prentsaurrekoa egin zuten 2019an egindako lana aurkezteko.
Ekitaldian Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako alkateek, Itziar Salaberria Uggasa garapen agentziako kudeatzaileak, Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak eta Urretxu-Zumarraga ikastolako eta Gainzuri ikastetxeko ikasleek parte hartu zuten.
Asensiok eskerrak eman zizkien lankidetzak fruituak ematen dituela erakusteagatik. «Duela hiru urte hitzarmena sinatu genuen Uggasarekin. Gipuzkoan 89 udalerri daude eta horietako 81 halako planak bultzatzen ari dira. Urola Garaia hasieratik dago».
Salaberriak Energia Planaren helburua egungo energia eredua aldatzea dela gogoratu zuen. «Lau lerro estrategiko ditu: efizientzia energetikoa, mugikortasuna, energia berriztagarriak eta hondakinen kudeaketa. Lehiakortasun Planean Energia Plana berretsi genuen eta mahai tekniko bat osatu genuen. Bertan, Uggasa, UGLE, udalak eta aldundia gaude. Urtero ekintzak gauzatzen ditugu eta jarraipena egiten diegu eta, gainera, Gipuzkoako energia mahaian parte hartzen dugu».
Arratibelek UGLEn egindako lanaren berri eman zuen. «Ikastetxearen estrategiaren ardatzetako bat energia aurreztea da. Gure funtzioa behar formatiboei eta teknikoei erantzuna ematea denez, efizientzia eta kudeaketa energetiko ikastaroa eman genien udal teknikariei. Helburua teknikariek energia kontsumoa murrizteko moduak zabaltzea eta irtenbide iraunkorren alde egitea da. Bestalde, gure eraikinean plaka fotovoltaikoak ditugu, beroketa sistema sektorizatu dugu, isolamendu termikoa jarri dugu…».
Tomas Etxaniz Ezkioko alkateak berea bezalako herri txiki batentzat mahai teknikoan parte hartu ahal izatea oso garrantzitsua dela esan zuen. «Arlo teknikoa lantzeko, diru laguntzak lortzeko eta herritarrekin sentsibilizazioa lantzeko balio digu. Ezkiotarrok bi orduko ikastaro batean parte hartu genuen energia nola aurreztu ikasteko. Gainera, argiteria aldatzeko lan egiten ari gara».
Udal eraikinak
Koldobike Olabide Legazpiko alkateak udal eraikinetan energia aurrezteko egin den lana aurkeztu zuen. Auditoriak egin eta neurriak hartu dira. 2017an Legazpiko Haztegi ikastolan, Latxartegi haur hezkuntza eraikinean, San Juan haur eskolan eta futbol zelaiko aldageletan; Urretxuko pilotalekuan eta kiroldegian eta Zumarragako futbol zelaietan, pilotalekuan eta kiroldegian lan egin zen.
Iaz, berriz, Legazpiko kiroldegiko, Urretxuko kultur etxeko eta Zumarragako kultur etxeko instalazio termikoak eta elektrikoak aztertu ziren. Hiru eraikin hauetan pegatinak jarriko dituzte, langileen eta erabiltzaileen artean praktika onak sustatzeko.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak Argitu izeneko tailerrei buruz hitz egin zuen. «Aldundiak etxebizitza, komertzio eta enpresa txikietan energia kontsumoa murrizteko tailerrak eman zituen. Helburua eraginkortasun energetikoa areagotzea eta pobrezia energetikoa murriztea da. Legazpin 35 herritarrek parte hartu zuten, Urretxu-Zumarragan 21 herritarrek eta Ezkion 16 herritarrek».
Jon Luqui Urretxuko alkateak Euronet 50/50 Max metodologiaren berri eman zuen. Metodologia hau ikastetxeek eta udalek aplikatu dute. Horri esker, ikastetxeek askoz ere energia gutxiago kontsumitu dute. Hala, 18 tona CO2 gutxiago isuri dute eta ia 10.000 euro aurreztu dituzte. Sari bezala, diru laguntza berezia eman diete: aurreztutako diruaren erdia.
Ikastetxeetako lana
Urretxu-Zumarraga ikastolako Oier Aseginolazak eta Aimar Aramendik eta Gainzuri ikastetxeko Maialen Urmenetak eta Ekaitz Guridik energia aurrezteko egindako lana ezagutzera eman zuten. Ikastolakoek energia talde bat sortu dute, instalazioek nola funtzionatzen duten ikasi dute, leihoen egoerari erreparatu zioten, argiak itzalita uzten zituztela ziurtatu zuten…
Gainzurikoek ikasgeletan, pasiloetan eta komunetan arduradunak jarri dituzte ahalik eta energia gutxien kontsumitzen dela ziurtatzeko. Asensiok guztien lan ona txalotu zuen eta, bereziki, ikasleek egindakoa.