Etorkizuneko Beasain, onespenaren zain
Beasaingo Hirigintza Antolaketaren Plan Orokorra bistan dago herritarrek eta administrazioak beharrezkoak deritzoten aldaketak proposatzeko. Plana 2022an indarrean sartzea da asmoa.
Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) aurreko faseetan herritarrei etorkizuneko Beasain nolakoa izatea nahi zuten irudikatzeko eskatu zieten. Bilera haietan jasotakoari forma eman ostean, Hapoa ikusgai jarri du Beasaingo Udalak, eta interesatuek jada aurkeztu ditzakete zuzenketak. «HAPOa hurbilketa bat da», dio behin eta berriz Leire Artola hirigintza zinegotziak. «Ez dago ezer zehatzik», gaineratu du. Plana gauzatzeko «zortzi edo hamar» urte pasa beharko direla dio hirigintza zinegotziak.
Herritarrekin egindako batzarretan trenbidearen atzealdea hobeto aprobetxatu zitekeela argi gelditu zen: trenbideak Ugartemendi aurreko lautada moztu egiten du eta, esaterako, anbulategia herrigunetik aldenduta gelditzen da. Trenbidea lekualdatzea da asmoa, eta N1 errepidearekin paralelo bihurtzea. Udalak, ordea, ez du trenbidea moldatzeko eskumenik, hori garraio ministerioak egin behar baitu. «Madrilen ikerketa bat egiten ari dira ea posible den trenbidearen lekualdatzea», hasi da Artola. Ezinezkoa bada, zuzenketak aurkezteko epea orain da. Halere, «emaitzak ezagutzeko itxaron egin beharko dugu», zehaztu du. Artola ez da ausartu data zehatzik esatera, baina «urtebete inguru» izango dela argitu du.
Trenbidea N1 albora mugitza da asmoa, zabalgunean zerbitzuak ezartzeko
Herrigunearen erdian sarrera eta irteera berri bat aurreikusten dute
Beasaingo hutsuneak baliatu nahi dituzte etxebizitza berriak eraikitzeko
Trenbide berria, gakoa
Trenbidearen balizko lekualdaketak Beasaini aukera berriak eskainiko dizkio. «Udal honen asmoa zabalgunean musika eskola berria, bake epaitegia, anbulategia… eraikitzea da», aurreratu du Artolak. Bi geltoki ere izango lituzke Beasainek, eta oraingoa eraitsi egingo lukete. Lehendabizikoa herriaren mendebaldean eraikiko lukete, eta bestea ekialdean, Ezkiaga auzoaren inguruan bizi diren herritarrentzat erosoagoa izan dadin.
Trenbide berriak ez luke aldaketa handirik eragingo N1 errepidean, soilik egokitzapen lanak aurreikusten baititu udalak. «Plan Orokorretik aparte badago Lurralde Plan Partzialak deritzon proiektu autonomiko bat. Bertan, Beasain parean N1 errepidea lurperatzea aurrikusten da. Ugartemendi azpitik, tunel baten bidez, mendia zeharkatzea», azaldu du Artolak. «Ekonomikoki ez da bideragarria, eta ekologikoki ez dakit. Asmo hori ez dela gauzatuko uste dugu, eta HAPOan proiektu alternatibo bat aurkeztu dugu». Udalak aurkeztutako Plan Orokorrak Jaurlaritzaren LPParekin talka egiten badu, administrazioak helegiteak aurkezteko aukera du.
HAPOak Beasaingo sarrera-irteerak hobetzea aurreikusten du. Ekialdeko N1 errepiderako sarrera eta irteera puntua arriskutsua da: estua da, gorabeheratsua eta bihurgune bete-betean dago. Plan Orokorrak sarrera eta irteera aproposago bat aurreikusten du, N1 errepideko zuzengunearen erdialdean. Balizko trenbide berriaren azpitik, gutxigorabehera oraingo tren geltokiaren parera irtengo dira ibilgailuak eta bertatik, biribilgune handi batekin, herrian zehar barraiatuko dira.
Beasainen etxibizitza berriak egitea aurreikusten du Plan Orokorrak. «HAPOak gehienez zenbat etxebizitza berri egin daitezkeen zehazten du, baina horrek ez du esan nahi guztiak egingo direnik», ohartarazi du Artolak. Udalaren aurreikuspenen arabera, 2025. urtean Beasainek 14.000-15.000 biztanle izango ditu. «Betiere, oraingo joerari eusten badiogu. Horretarako baliabideak jarri behar ditugu, bizitzeko toki erosoa izan behar da, eta lana egon behar da». «Hazkundea mendiari lursailak jaten egin beharrean, herrian zehar dauden hutsuneak baliatuta egin behar da», azpimarratu du zinegotziak. «Eta ez dago dena berria eraiki beharrik, dagoena birgaitu ere egin behar da. Alde zaharreko eraikinak, esaterako», gaineratu du. «Birgaitzeko ardura etxebizitzen jabeena da, baina udala laguntzeko prest dago».
Landa inguruetako auzoetan ere eremu eraikigarriak aurreikusten ditu udalak. Lanak, ordea, enpresa pribatu batek egin beharko lituzke, eta baliteke inork interesik ez agertzea landako auzoak husten ari direlako.