Mutiloako zabortegia, azkenetan
Mutiloako zabortegia ixteko erabakiak zeresan ugari eman du egunotan. Azken urteetan, kontrako mugimendu eta protesta ugari izan dira. Azkenetan dago orain Lurperen jarduna.
Ingurutik pasatzen den edonor jabetuko da; goraino beteta dago Mutiloako zabortegia. Lurpe hondakindegiaren zerbitzua etengo duela jakinarazi du Cespa enpresak, eta dagoeneko, azkenetan da haren jarduna. Oraindik ere kamioiak atzera eta aurrera ikus daitezke, baina beste bi astez baino ez dute jardungo, otsailaren 29ra arte.
Mutiloako zabortegia 70eko hamarkadan jarri zuten martxan; hasiera batean, obretako hondakinak botatzeko erabiltzen zen. 1994. urtean, Escombrera Lurpe izena hartu zuen, eta 1998an, Cespa Gestion de Residuos enpresak hartu zuen haren kudeaketa. Isurtegi kontrolatu bihurtu zuten, eta 2001n, amiantoa jasotzeko baimena eman zion Eusko Jaurlaritzak. Gaur egungo egitura 2006an hartu zuen, industriako hondakin bizigabeak jasotzeko isurtegi bihurtuz. 3 milioi metroko edukiera zuen zabortegiak.
Azken urteetan, nabarmen handitu da zabortegiaren jarduna, eta 2017 eta 2019 urteen artean, Gipuzkoa osoko errefusa jasotzen ere hasi ziren. Mutiloan ez ezik, inguruko herrietan ere kontrako jarrera zabaltzen hasi zen, eta Goierri Birzirik plataforma sortu zuten. 2016ko azaroan eta abenduan, sinadura bilketa eta manifestazio jendetsua egin zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiraino ere eraman zuten protesta, 2017an.