Mutiloako Lurpe isurtegia martxoaren 1ean itxiko dute
Asensio Ingurumen diputatuak Zaldibargo hondakinak Lurpera eramateko aukera aipatu zuen joan den astean. Gipuzkoan amiantorako baimena duen bakarra da
Mutiloako Lurpe isurtegia itxiko dute. Noticias de Gipuzkoa egunkariak atzo argitaratutakoaren arabera, Mutiloan dagoen hondakinen zabortegiak ateak itxiko ditu martxoaren 1ean. Aurreko astean, Jose Ignacio Asensio ingurumen saileko diputatuak azaldu zuen Zaldibarko hondakinak jasotzeko prest zegoela Gipuzkoako Diputazioa, eta Mutiloa eta Bergarako isurtegiak aztertuko zituztela horretarako. Izan ere, Mutiloakoa da horrelako hondakinak hartzeko baimena duen bakarra Gipuzkoan. Industriako hondakin bizigabeak eta ez arriskutsuak biltzen ditu Lurpek Mutiloan.
Goierriko Hitza Mutiloako Lurpe isurtegia kudeatzen duen Cespa enpresarekin harremanetan jartzen saiatu zen atzo, baina ez zuen baieztapenik jaso. Mutiloako alkate Iñaki Ugaldek, berriz, adierazi du ez zutela honen berririk: «Prentsaren bidez jakin dugu, baina prozesu naturala da, azkenean kuota batzuk daude eta horiek betetzean, itxi egiten da».
Isurtegia, beteta
Zabortegia ixteko erabakia ezustean iritsi da. Izan ere, Zaldibargo hondakinak jasoko lituzkeen zabortegietako bat Mutiloakoa zen. Jose Ignacio Asensio Ingurumen saileko diputatuak pasa den astean azaldu zuen Gipuzkoako isurtegiekin aztertuko luketela Zaldibarkoa jasotzeko aukera, eta astebete beranduago, atzo, Mutiloako isurtegia itxiko dutela zabaldu da, beteta dagoela adierazita. Isurtegiko bertako iturriak aipatzen dituzte albistean. Gipuzkoan ez legoke beste isurtegirik Zaldibarkoa jasotzeko, amiantoa biltzeko baimena Lurpek bakarrik baitu. Bestalde, Cespa enpresak zabalkunde proiektu bat proposatu zuen duela hilabete batzuk, eremua eta instalazioak handitzeko, baina ezezkoa jaso zuen.
Mutiloako zabortegia 1970eko hamarkadan jarri zen martxan. Obretako hondakinak botatzeko erabiltzen zuten. 1994an Escombrera Lurpe sortu zuten, eta lau urte beranduago, 1998an, Cespa Gestion de Residuos enpresak hartu zuen eremua. Isurtegi kontrolatu bihurtu zuten hondakindegia, eta 2002an baimen berezi bat eskuratu zuen enpresak: amiantoa jasotzeko baimena eman zion Eusko Jaurlaritzak.
2006an gaur egungo egitura hartu zuen: industriako hondakin bizigabeak eta ez arriskutsuak jasotzeko isurtegia bihurtu zuten. 7,2 milioi euro inbertitu zituen Cespak, eta 3 milioi metro kuboko edukiera zuen, Arriarango urtegiaren adinako bolumena.
Errautsak Lurpen
2010ean, Zubietan eraikitzeko asmoa zuten erraustegiko zepa-hondarrak Lurpe isurtegira eramango zituztela zabaldu zen: 70.000 tona eskoria. 2019an jarri zen martxan azkenean errauste planta.