219 greba egun bete dituzte Gipuzkoako erresidentzietako langileek
Gatazka gizarteratzeko Ordiziako Plaza Nagusian elkarretaratzea egin dute dute gaur.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, Ordiziako Plaza Nagusian, azoka eguna aprobetxatuz, aspalditik bizitzen ari diren gatazka, beste behin ere gizarteratzeko asmoarekin. Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako erresidentzietako langileak eta Legazpiko eguneko zentrokoak daude tartean, besteak beste. Momentuz lan hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik eman ez denez, martxoaren 8ra arte egongo dira greban. Gaur, 219. greba eguna da.
ELA sindikatuko ordezkariak, Ana Merchanek gogorarazi du «18 hilabetez» luzatu dela greba eta «gauzak berdin jarraitzen» duela. Blokeo egoeratik ateratzeko asmoz, urtarrilaren 10ean LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuek eta ADEGI, MATIA 2020, GAREN eta LARES patronalek deitu zuten bileran izan ziren ELAko ordezkariak. Bezperan, patronalei gogorarazi zieten, «negoziazio mahaian esertzeko baldintzak zeintzuk» ziren; «Baina, enpresetako ordezkariak ez ziren bilerara agertu eta urtarrilaren 17rako deitu zuten beste bilera bat». Egun hartan, lau sindikatuak eta enpresen ordezkariak jarri ziren mahaiaren bueltan.
Merchanek esan du, bilera hasi bezain pronto, patronalek, «hitzarmenaren indarraldia 2019tik 2022rakoa proposatu» zutela. ELAko ordezkariak haserrea agertu du, «negoziazio mahaira bueltatzeko baldintzak oso garbiak» zirelako: «2017-2018 urteei dagozkien igoerez eta hitzarmen sektorialaz hitz egitea». Bileraren lehen unetik «gatazka konpontzeko borondate eza ikusi» zuten. Gehitu du, «patronalak beste proposamen batzuk eraman» zituela, baina «langileetaz barre egiten ari» zirela pentsatu zutenez, erabakia izan da, «negozio mahaian momentuz ez esertzea».
Ordizian gatazka bikoitza
Azaroaren 8an, UGT eta patronalek akordio partziala sinatu zuten. 2019. urtean oinarrizko soldatari eragiten dion %3,6ko igoera da hitzartu zutena. Beasaingo erresidentziako -Biharko enpresak kudeatzen duena-, eta Zumarragako erresidentziako -Gerozerlan enpresak kudeatua- langileek igoera horri dagokiona jasotzen hasiak dira.
ELAko ordezkariak uste du «igoera hori lotsagarria» dela. «2017-2018 urteei dagokionaz ahazten direlako eta oso kontutan izan beharreko beste kontzeptu batzuk ez dituztelako kontutan hartzen, antzinatasuna besteak beste».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «5.000.000 euro jarri zituen akordio partzial horri aurre egiteko». Orain, erresidentzietako kudeaketaz arduratzen diren enpresek, langileei igoera ordaindu behar diote. Esan bezala, erresidentzia batzuetako langileak hasi dira diru hori jasotzen, «Ordiziako erresidentziako langileak izan ezik. Merchanen argitu du «Eulenek, Aldundiak emandakoa igoera aplikatzeko nahikoa ez dela» esan duela. Beraz, gogorarazi du «Ordiziako zahar egoitzako langileen kasuan gatazka bikoitza» dela.