Agirre-Etxeberriko tabernaren alokairua eskaini du berriz udalak
Tabernaz gain, balio anitzetako gelak eta terraza ditu lokalak. Berdintasuna zaintzea eta garaiko elikagai ekologikoak erabiltzea dira baldintzetako batzuk.
Legazpiko Udalak berriz ere martxan jarri du Agirre-Etxeberri eraikuntzaren beheko solairuan dagoen kafetegi-tabernaren alokairurako lehiaketa. Eskaintzak martxoaren 10era arte aurkez daitezke, Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataformaren bidez, edo honako udalaren webgunean sartuta.
Agirre-Etxeberri etxea udalaren jabegokoa da eta Doinua musika eskolaren egoitza da. Kafetegi-taberna beheko solairuan dago. Lokalak barra eta sukalde txiki bat ditu, eta zuzeneko sarrera du kanpo aldetik. Kanpoan, gainera, terraza bat du eta barrutik, erabilera anitzeko aretoetara sartu daiteke.
100 euroko alokairua
Agirre-Etxeberriko kafetegi-taberna hartzen duenak, zerbitzu horretaz gain, beste batzuk ere bete beharko ditu, hala nola, komunak, eraikuntzaren atzealdeko sarrera eta portxea eta beheko soilaruan dauden erabilera anitzeko gelak garbitzea, eta azken horien ateak zabaltzea eta ixtea. Baldintzen artean, bestalde, ingurumen irizpideak jasotzen dira, eta errentariek garaian garaiko elikagaiak edo ekologikoak erabili beharko dituzte, besteak beste. Langileen artean gutxieneko lan baldintzak ezinbestekoak izango dira, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ere kontuan izango da.
Alokairu kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da, baina urte betez luzatu ahal izango da. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek hileko gutxienez 100 euroko alokairua proposatu beharko diote udalari.
Ezkontzak eta beste
Musika eskolaren egoitza izateaz gain, Agirre-Etxeberrik erabilera anitzeko gelak ditu beheko solairuan eta horiek legazpiarren eskura daude hainbat ekintzatarako. Azken urtean, 17 ezkontza zibil egin dira bertan, eta musika audizioak, kontzertuak, bilerak eta asanbladak ere egin dira.