Goierriko bolariek jantzi dituzte Gipuzkoako Binakako txapelak
Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketa irabazi dute Jokin Izagirre eta Martzelino Agirre segurarrek, eta Naiara Peñagarikano gabiriarrak eta Rosa Santos hernaniarrak osatutako bikoteek
Jokin Izagirre eta Martzelino Agirre segurarrak, eta Naiara Peñagarikano gabiriarra Rosa Santos hernaniarrarekin bikotea osatuta dira Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketako txapeldunak. Altzako bolatokian (Donostia) larunbatean jokatu zen finala, sailkatuekin.
Gizonezkoetan, hutsik gabeko tiraldia egin zuten Izagirrek eta Agirrek, finaleko bi faseetan. Leandro eta Ibon Miner ereñotzuarrak geratu ziren bigarren; Juan Mari Iñurritegi eta Pedro Agirre legazpiarrak, laugarren.
Emakumezkoetan, Peñagarikanok eta Santosek nagusitasun handia izan zuten. Eli Aizpurua-Bea Unzue billabonarrak dira bigarren, eta Garbiñe Alustiza-Miren Makatzaga hirugarren.
Goierriko txapelketa hasi
Larunbat honetan hasiko da Goierriko 32. Bola Txapelketa. Ohi bezala, zazpi jardunaldi izango ditu, beste horrenbeste herritan. Izen-emate ordutegia goizean 10:30-11:30 eta arratsaldean 16:30-17:30 tarteetan da.
Zerainen da lehenengo tiraldia, zapatuan. Hurrena Idiazabal (martxoak 7), Mutiloa (21), Legazpi (apirilak 4), Gabiria (25), Segura (maiatzak 9) eta Olaberria finala (23) dira.