Hiru sokatiralari goierritar lehiatuko dira Irlandan Munduko Txapelketan
Ibarrako sokatira taldean dabiltzan idiazabaldar bat eta bi gabiriar gaur joango dira Letterkennyra. Kluben arteko tiraldiak bihar-etzitan dituzte, domina-borrokatik urruti. Talde gaztea da
Goierriko ordezkaritza izango da bihartik igandera Irlandan jokatuko den Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan. Eresti Oiarbide gabiriarra, herri hartan bizi den Andrea Aldazabal ibartarra eta Aritz Ugarte idiazabaldarra izango dira munduko hitzorduan, Letterkenny herrian. Ibarra taldearekin tira egingo dute hirurek.
Mutilak «egurra ematera» doaz, eta dominen lehian izango dira. Neskek borroka horretatik kanpo kokatu dute euren burua. Emakumeen kasuan, Ibarrak 540 kilotan (bihar), 500 kilotan (ostiralean) eta 580 kiloko mistoan helduko diote sokari.
«Aukera handiegirik ez dugula izango iruditzen zait. 540an ez ditugu kiloak beteko, 500 kilora ailegatu gabe tiratuko dugu seguru asko. 500ean gerra gehixeago emateko asmoa dugu, baina dominetarako aukerarik ez daukagu aurten», azaldu du Ibarra taldeko Eresti Oiarbidek.
Talde berriak ditu Ibarrak, oro har. «Nahiko berriak gara honetan; batzuek urtebete, beste batzuek bi, besteek hiru daramagu. Ahal dena egitera eta ondo pasatzera goaz». Irlandara gaur bidaiatuko dute Loiutik, eta pisaketak arratsaldean dituzte Letterkennyn. Irlandaren iparraldean dago, Donegal hiritik 56 kilometro iparrera eta Derrytik 32 mendebalera.
Kluben arteko tiraldiak bihar-etzitan dira, eta selekzioenak zapatu-jaietan. Euskal Herritik 10 klub doaz, ordezkaritza ugariena. Selekzio bezala ezingo da lehiatu, ordea; txapeldun irtendako klubek ordezkatuko dute.